Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Zabalkunderako liburu-molde eredugarria

Zabalkunderako liburu-molde eredugarria

Amatiño 2015/07/18 00:10
“DEBA. Ibilaldi bat gure historian zehar – Un paseo por nuestra historia” (Alex Turrillas eta José Ignacio Treku, 2015) benetan eredutzat hartu beharreko liburua da. Besteak beste, udalerri guztiek izan beharko luketen liburu-moldea, tokian tokiko herrikideek euren historiaren berri ahalik eta samurren izan zezaten.

Atera kontuak: liburu osoak 300 orrialde ditu. Euskaraz eta gaztelaniaz denez, parez pare, 150 orrialde baino ez hizkuntza bakoitzeko. Eta guztira 80 gai desberdin kontatzen direnez gero, batez beste bi orrialde eskas kontakizun bakoitzeko, marrazki zein argazki eta guzti. Zalantzarik ez gero, ez dela erraza edozein historia-pasarte orrialde eta erdian kontatzea baina, behar bada, nabarmen zailagoa kontatzeko besteko 80 istorio interesgarri aurkitzea. Izan ere, aitortu dezagun gure baitan, gutako zenbatek daki bere jaioterriko 80 ipuin, historia, istorio edo kontakizun?

Zentzu honetan onartu beharko herri gutxi direla, gure artean behintzat, Debak besteko kontaketarik duenik. Orain 65 milioi urte meteorito batek K/T iridio-muga markatu zuenetik Mendata eta Sakoneta inguruko flyschean, 1970ko hamarkadan zentral nuklearra bertan egiteko egitasmoa aurkeztu zen arte, gertakari ugari jazo dira Deban:

Ekain, nekazaritza, zeltak (Deva), erromatarrak, hiribildua, administrazioa, gotikoa, ontziolak, kortsarioak, balea, burdinolak, Amerika, merkataritza, lehen euskal poetisa (Maria Estibaliz, 1550), Europa, Napoleon, karlistaldiak, erromantikoak, industria, trena, emigrazioa, 1938ko gerra, ostekoak, Tene Mujika, Oteiza eta gaztetan ezagutu genituen azken txalupazainak… Hogeitaka baino ez ditut aipatu eta, 80 arte… badago hamaika zer kontatu!

Alex Turrillasek eta José Ignacio Trekuk bikote ikaragarri baliotsua osatzen dute elkarrekin. Alex biltzaile amorratua baldin bada, eta kontalari prestua, Trekuren marrazkiek nolabaiteko magia dute. Esku ona eta irudimen hobea behar da, bai, duela ehundaka eta milaka urteko giroak, moldeak eta egoerak horren egoki islatzeko.

Behar bada, egungo zabalkunde-arloan aurkitu daitekeen dibulgazio-libururik aproposenetakoa.

Debako herriak, barrena, kalea zor die.

Sasiolako pilotariak

Pilotari frantziskotarrak "bote luzean", Sasiolako komentuaren harlanduzko kantxan, XVII. mendean.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna: