Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / XVII. mendeko frantziskotar pilotariak

XVII. mendeko frantziskotar pilotariak

Amatiño 2015/06/14 12:00
Atzo, San Antonio egunez, Sasiolako eliza zaharra urtean behingoagatik ireki zen, auzoko herritarrak mezatara deitu eta, ostean, txorizo muturra zein erroskilak eskaini. Pilotarik ez, ordea, Sasiola bera pilota-jokoaren habia izan arren.

San Franzisko monasterioa XVI. mendeko lehen hamarkadan eraiki zen eta, bostehun urte geroago sabairik gabe egon zen luzaro, urteak joan eta urteak etorri beti oskarbi. Azken urteotan gutxieneko eraberritze-lanak egin dira Sasiolako Adiskideen Elkartearen eraginez eta Diputazioaren laguntzaz, eta, etorkizuna zein izan ote daitekeen inork zehatz ez dakien arren, txarrenean ere abagune hobearen zain geratzeko trantzean dago.

Sasiola leku estrategiko nabarmena izan zen hainbat mendez. Karistiarren eta barduliarren arteko muga omen (bizkaiera eta gipuzkera artekoa bai, behintzat), Deba ibaiko trafikoaren (balea, artilea, burdina…) zelatari eta hainbat matxinadaren gordeleku.

Inor gutxik daki, esaterako, Karlos I. gazteluar enperadorearen aurka jaiki ziren gipuzkoar komuneroen biltoki izan zena. Olano batxiler debarra eta Elorriaga fraide frantziskotarra ziren buruzagiak eta, 1520ko hamarkadan, Sasiolan bertan sustatu zuten Cisneros kardinalaren (frantziskotarra ere) kontrako jazarra*.

Bistan da ordurako Sasiolako komentua erabat ospetsua zela, Juan Sebastian Elkano itsastarrak, testamentua egiterakoan, 10 dukat utzi baitzizkien bertako frantziskotarrei.

Frantziskotar kirolzale amorratuak, nonbait, pilota-jokoaren aitzindariak izan zirenez gero, XVII. mendeko aztarrenei jaramonik egingo badiegu. Egindako indusketen arabera, 58 X 12 metroko kantxa zuten, harlanduzkoa, sarerik gabeko tenis gisa pilotan egiteko, “bote luzera”. Lehenik, frontis gabe eta gero, hiru metro inguruko horma eta guzti.

Erretaula

San Antonio, aurrez aurre, eta, atzekaldeko erretaulan (Tomás Jauregi, 1764), San Frantzisko

Eliza

XVI. mendeko San Frantzisko komentua, Sasiolan, teilatu berrituarekin


* Gipuzkoan barrena, Asteasu, Bergara, Donostia, Elgeta, Elgoibar, Errenteria, Gatzaga, Hondarribia, Orio, Soraluze eta Zarautz enperadorearen alde jarri ziren eta, aurka, berriz, Azkoitia, Azpeitia, Arrasate, Deba, Eibar, Getaria, Hernani, Mutriku, Oiartzun, Tolosa, Urretxu, Zestoa eta Zumaia (DEBA. Ibilaldi bat gure historian zehar. Alex Turrillas eta José Ignacio Treku. Deba, 2015).

anton mendizabal
anton mendizabal dio:
2015/06/19 09:54
Benetan interesgarria berri hau. Pilotasoro antzeko bat komentuan! Kasu honetan "pilotaplaza" deitu behar zaio, zorua gogorra zuelakoz. Interesik baduzu, jakin zazu Oiartzunen "Bote Luzea" modalitatea berreskuratzeko plan batean murgildurik gaudela eta bide batez datorren asteazkenean "Bote Luzeako" erakustaldi bat antolatua dugula Andoaingo Plazan arratsaldeko 18:00etan.
Tre
Tre dio:
2015/06/19 12:57
Ondo. Gaur egun karreteria errekian beste aldian gelditzen da eta horregatik, posturia egingo neuke, abandonatuta gelditu da. Trafikoa burdiaz egitten zanian orduan bai ez dotela uste jende barikan egongo zanik. Goiko fotografixan ez da ikusten, baina hortxe dago: komentua, errekia eta karreteria.
daniel carballo
daniel carballo dio:
2015/06/20 14:10
Bote luzea Euskal Herrian, Europan eta Ameriketan ikusteko.La chaza, llargues, kaatsen, giuoco da palla, jeu de balle...Badago Euskal Talde bat historia berreskurtazeko lanean. Pilota Zuzenean taldea Gipuzkoako eta Euskal Pilota Federazioaren laguntzarekin. EHU ko ikerketa lantaldea ere haiei laguntzen.
https://eu-es.facebook.com/BOTELUZEA
daniel carballo
daniel carballo dio:
2015/06/20 14:15
Pilota plazak egitasmoa EHU ko ikerketa lantaldeak kudeatuta. Bertan euskal herrian zehar dauden pilota plaza askotan bote luzean aritu zireneko aztarnak badaude
https://www.facebook.com/pilotaplaza
daniel carballo
daniel carballo dio:
2015/06/20 14:18
Birgaitze masterrean egindako birgaitze egitasmoa
http://lurraldea.blogspot.com.es/search/label/PROYECTO%20DE%20RESTAURACI%C3%93N
daniel carballo
daniel carballo dio:
2015/06/20 14:19
2013 egindako bote luzea erakustaldia alderdi ederren. DOnostia 1813-2013 bi mendeurrenekoa ospatuz.
https://www.youtube.com/watch?v=3pO_iRhyWp0
daniel carballo
daniel carballo dio:
2015/06/20 14:20
Bote luzea erakustaldia 2014 ko Santisteban festetan. Nafarroa- Gipuzkoa
https://www.youtube.com/watch?v=GyLMBS9Vx7A
daniel carballo
daniel carballo dio:
2015/06/20 14:23
Haurrei bote luzea irakasteko mahai joko bihurtuta
Nahi izan ezkero bidali mezua!!

https://www.youtube.com/watch?v=YWy2jVfKMag
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna: