Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Wenzeslao Orbea, orain ehun urteko “influencerra”

Wenzeslao Orbea, orain ehun urteko “influencerra”

Amatiño 2021/07/02 20:20
Orbea da, behar bada, Eibarko bi edo hiru abizenik ospetsuenetako bat. Wenzeslao Orbeak (1856-1919) kalea du gurean. Baina 2019an, haren heriotzaren mendeurrena bete zen urtean, inork ez zuen gogoan izan. Gogoratzerik ere merezi ez baldin badu, zer dela-eta du kalea?
Wenzeslao Orbea, orain ehun urteko “influencerra”

Wenzeslao Orbea

Urtebete luze geroago, Pedro Berriochoa historialari urretxuarra da Wenzeslao Orbea gogorarazi behar izan diguna, hainbat hilabete lehenago Toribio Echevarria oroitarazi zigun bezala. Eskerrak, gero, badela Eibartik kanpo, eibartarrez interesatzen denik. Guregatik balitz…

Wenzeslao Orbea familia oneko semea zena jakinekoa dugu eibartarrok, ez baitira alferrik Orbeatarrak XVI. mendeko armaginen artean nagusi agertzen. Geroztik, gainera, Orbea abizena azaltzen da azken laupabost mendeotako militar, elizgizon, komendadore, goi-funtzionario, alkate, biltzarkide eta hainbat herri-ordezkariren artean.

XIX. mendetik aurrerako enpresa-arloan, berriz, Orbeatarrak izan ziren 1830an pistolak egiten hasi zirenak eta 1880ko hamarkadan “esmita” (Smith & Wesson) errebolberra eibarkotu zutenak. Orbea izan zen argindarra baliatu zuen lehen enpresa eibartarra (1890), garai hartako herriko lantegirik handiena (400 langile inguru) zelarik. Orbeatarrak ere, 1930 urtean, pistolak utzi eta bizikletak egiteari ekin ziotenak. Nire sasoikook nerabetan ezagutu genuen, Urkusuan, kapera eta guztiko Orbeatarren etxetzar dotorea, eta egungo edozein gaztek daki Orbea bizikleta-markaren berri.

Gipuzkoako eragilerik handienetakoa

Pedro Berriochoak laburbiltzen digunez, Wenzeslao gazteak Zuzenbide-ikasketak egiten ziharduen Madrilen, 1876an, Foruen abolizioa gertatu zen garai berean. Hogei urte baino ez zituen eta, euskal historiaren bertsio erradikalak eta erromantikoak aletzeaz gainera, gogotik foruzale gartsu azaldu ohi zuen bere burua, ondoko 40 urteetan gero eta joera eskuindarragoa hartuko bazuen ere.

Aberaskume izateari zegokion erosotasuna etxean lagata, oposizioez bereganatu zuen goimailako lanpostua Diputazioan. Jatorriz zerion enpresa-ezagutzak zein administrazio publikoaren ikuspegiak eskaintzen zion talaiaz baliatuz, Gipuzkoako eragilerik handienetako izatera iritsi zen.

Wenzeslao Orbea izan zen Gipuzkoako Aurrezki Kutxa Probintzialaren sortzaileetakoa eta berak iragarri zuen, 1895an, Gipuzkoako Probintziala eta Donostiako Munizipala noizbait elkartu beharra (Kutxa, 1990). Wenzeslao agertzen da Banco Guipuzcoano-ren sorreran (1899) nahiz zuzendaritzan, eta El Pueblo Vasco (1903) egunkari  monarkikoaren bultzagilea izan zen. Berak idatzi zituen Alkartasuna nekazari-sindikatuaren estatutuak (1905), baita Oñatiko Lehen Euskal Kongresuan (1918) aurkeztu ere “Mediana y pequeña empresa” txostena, non, besteak beste, damaskinatua errazegi utzi izana salatu zuen. Horrez gainera, Wenzeslao Orbea izan zen Euskalerriaren Adiskideen Elkartearen bigarren aroa suspertu zuena eta Ateneo Guipuzcoano elkartearen sortzaile eta presidente. Eta abar luzea...

Liberal kontserbadore zentralista

Langile aspergaitz, aktibista kementsu, polemikazale sutsu, hizlari trebe, gizonezko atsegin, paternalista samar... Wenzeslao Orbea liberal kontserbadore espainiarra izan zen, batere aitzakia mozorroturik gabe. Zentralistatzat zuen bere burua, eta Kontzertu Ekonomikoa defenditu zuen, espainiar burujabetasun eta solidaritatearen baitan.

Haren esanetan, liberalek defenditzen omen zituzten ondoen espainiar aberriaren askatasuna eta ordena; ez zituen batere gogoko karlistak, sozialistak eta euskal abertzaleak (gutxietsi egiten zituen hiru jokamoldeak), eta ezein euskal alderdiren premia ukatu ez ezik, kalterako baino ez zela izango uste zuen, euskaldun on eta txarren arteko zatiketa erakarriko zuelakoan.

Behar bada, Wenzeslao Orbearen izaerak, ekarpenak eta jarrera politikoak argi ditzakete hiru inkognitak, alegia: zergatik eman zioten kalea, zergatik ez dioten kendu eta zergatik ez den haren ehungarren urteurrenik ospatu.

Historiak bere 'tempo" musikalak ditu.

 > Los Amigos Orbea y Aguirre Miramón, y la segunda época de la Bascongada. Pedro Berriochoa. Boletín de la R.S.B.A.P. LXXVI, 2020: 1-2, pp.465-509

Begoña Azpiri
Begoña Azpiri dio:
2021/07/06 13:45
Wenzeslao Orbeari buruz egindako aipua benetan interes handikoa, Amatiño; eta Berriochoak egindako lana, goraipatzekoa. Mila esker
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna: