Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Hiru ñabardura baino ez

Hiru ñabardura baino ez

Amatiño 2020/08/31 11:30
Eibarren esaten den bezala, ‘barriketabako’ lana da Pedro Berriochoa Azcárate historialariak, Toribio Etxebarria zenaz, burututako biografia. “Un eibarrés extraordinario: Toribio Echevarría (1887-1968)“ da sekula eibartarraz egindako libururik osatuena. Iturri onak, datu-pila ikaragarria eta, oro har, kontakizun irakurterraza, eleberri arina ez bada ere.
Hiru ñabardura baino ez

Kutxa Fundazioa

Eibartarra naizen aldetik, liburua irakurtzeko gomendioa egiteaz gainera, hiru “ñabardura” erakarri nahi nituzke, blog arruntari dagokiokeen balioa baino merezi ez dutenak.

1. Hasteko, erabat harritu nau bibliografian Joxe Azurmendiren “Pensamiento personalista en Euskadi en torno a la guerra” ( RIEV, 1996) delako azterketa gogoan hartu ez izanak. Hausnarketa horretan Azurmendik Jose Antonio Agirre, Toribio Echevarria, Jose María Arizmendiarrieta eta Carlos Santamariaren irizpideak eta jarrerak aztertzen ditu askatasunaz, justiziaz, bakeaz, gizabideaz, solidaritateaz nahiz funtsezko ideologia-xedeez, eta ez da erraz ulertzekoa zein litzatekeen arrazoi objektiboa saiakera horretaz ez baliatzeko. Balirudike maila gutxiagokoak liratekeela --eta ez hain esanguratsuak--  kontuan izan dituen beste erreferentzia batzuk.

2. Horrela, behar bada, gogoratu arren Toribio Euskadiren “plena soberanía política”ren alde zegoela eta “espíritu democrático, liberal y autonómico de nuestras viejas instituciones” defenditu, Berriochoak aukera izango zukeen zehazteko, Azurmendiren eskutik, Toribiok hitzez hitz aldarrikatzen zuena zera zela: “aquellas facultades legislativa, ejecutiva, judicial y administrativa que gozó hasta la abolición de los Fueros. Lo cual significa su plena soberanía política”. Berdintsua da, baina ez da gauza bera.

2. Bestalde, Berriochoak azaltzen digu Toribiok independentziaz zituen iritziak, zeinetatik sumatzen dugun gauzak aldatu egin direla geroztik. Nonbait esperientziak frogatzen omen zuen, Toribioren ustez, Norvegia eta Irlanda ez zirela zoriontsuagoak askatasuna lortu ostean eta, espainiar inperioaren garaietan euskaldunek goimailako karguak bete ostean, eskergabekeriatzat jotzen zuen orain alde egin nahi izatea.

Zentzu berean, Toribio gertu omen zegoen, euskaldunik gehienak alde baleude, independentziaren aukera bideratzeko, baina “con cláusula, sin embargo, de obligarse a comprobar periódicamente esa voluntad de separación e independencia”. Berriochoak, onbera samar, infantiltzat jotzen du Toribioren iritzia baina, beldur naiz jarrera horrek ez ote lukeen gaur egun beste kalifikatibo latzagorik merezi izango. Supremaziak, alde batekoak zein bestekoak, umekeriez josita omen daude.

3. Nahiko penagarria da, azkenik, Toribio Echevarria eta Juan San Martin herrikideen arteko gutunak gaztelaniaz idatziak izatea. Ez da kritika, tristura baizik. Toribio 1968an hil zen eta garai hartan ez zen, ez girorik eta ez ohiturarik, orain ezinbestekotzat direnak orduan normaltzat jotzeko.

Garaian garaikoa. Gogoan izan Euskaltzaindiaren bilerak ere gaztelaniaz zirela 1960ko hamarkada arte eta akademiaren lehen euskarazko prentsaurrekoa 1976an izan zela. Hala ere, zilegi bekit harrokeria-punttua: 1962an, ni Oronozeko ikastetxean nintzelarik,  gure aita zenak eta biok euskaraz idazten genion elkarri.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna: