Vasco-navarro soy…
Gayarre hil zela 125 betetzen diren honetan kalean da haren azken biografia ("Julian Gayarre. La Voz del Paraiso". Oscar Salvoch. Edición Eunate, 2015), eta baita betidaniko eztabaidak berpiztu ere, alegia, zein neurritan izan ote zen euskalduna, nafarra, espainiarra, homosexuala, aita etab. Bere garaiko opera-abeslaririk onena izan zenik ez dago, nonbait, zalantzan. Bada zerbait.
Euskalduna zenik ere ez dago zalantzan, bere izeko Juanari erronkarieraz idatzi zion gutuna tarteko. Eta nafarra zein espainiarra, berriz, biak, seguru-segurutik, XIX. mendeko nafarrik gehien-gehienak bezalaxe. XXI. mendeko irizpideez 1844an jaiotako erronkariarraren herri-sena auzitan jartzea, alde batera zein bestera, hondarrik gabeko itsasoan murgildu nahi izatea baino ez da.
UPN nafar gobernuaz jabetu arte (1996) guztiz normaltzat jotzen zen “vasco-navarro” adiera bikoitzari zerion jatorria. Nafar Diputazioaren azken presidente ez demokratikoa izandako Amadeo Marco Ilintxeta errekete-kapitain frankistak esana da (1980): “No me parece mal que las tres provincias vascas se unan a su madre, a Navarra, y que juntas integren el Reyno de Navarra. Ah, claro, así no lo quieren. Pues en esa solución, Navarra no perdería nada. Y que nadie diga que reniego de mi origen vasco-navarro. Soy del Roncal, en vasco hablaban mis antepasados. Y ya se sabe, quien a sus antepasados parece, honra merece”.
Edozein modutan, egia da Julian Gayarrek ez zuela inoiz kantatu “Vasco-navarro soy, del pueblo roncalés” delakorik, 1890 hil baitzen eta kanta, berriz, Salvador Ruiz de Luna toledotarrak sortu, 1958an. Baina, behar bada, egia ere bada, gaur gaurkoz “vasco-navarro” delako aldarrikapena dela Nafarroan zubigintzan aritzeko klixerik aproposenetakoa.
UPNk bietarik bat baino ez zuen gogoan izan. Komenigarri litzateke gaur osatu den nafar gobernuak bietarik bat bera ere ez ahaztea.
Ondo baino hobeto baliatu ziren betiko nabarristak zoritxarreko(?) deiadar hartaz nafarrak izutzeko, euren nafartasuna abertzaleen itsasoan urturik geratuko zenaren aitzakian.
Beharbada, “Mea culpa” intonatu beharko genuke, zeren eta, Nafarroa ez baita inoiz “Euzkadi” edo “Euskadi” izango, kontuan hartuta neologismo horrek ez du inolako esangurarik Erreinuaren historian. Ehun eta piku urteko hitzak ezin ditu antzinako izen nafar eta euskaldunak ezabatu.
Ongi pentsatua, ez dut uste “Reyno de Navarra” gazteleraz eta “Euskal Herria” euskaraz izeneko herrialde guztiak bilduko dituen erakundea ezegokia denik. Historikoki ikusita ere… Beste aldetik kontuan hartu behar, EAJren txostenetan argi eta garbi aurreikusten da Nafarroarekin bat egiten badugu egunen batean, Iruñea Euskal Herriko hiriburua izango litzatekeela.
Baina horretarako benetako abertzale izan behar eta Aberria maitatu sakonki. Pilo bat bizkaitar, giputz edota babazorro ere ezagutzen dut erakunde eta hiriburuaren aurka jarriko liratekeenak. Hoba ez! Gogoan ditut nire amabitxik, zarauztar eta abertzale peto-petoak, erdaraz esan zizkidanak: El navarro ni de barro!!!!!!!!