Uholde unibertsala ez zen unibertsala izan
Amatiño
2011/06/23 00:00
Uholdeak eta krisialdiak ez dira berriak. Betidanik izan dira eta, sekula ez, unibertsalak. Gogoan izan, 1980an Bilboko Ingeniaritza Eskolatik atera zen promozio osoak --bi ikasle ezik-- lanuztera jo behar izan zuela, batere lanposturik aurkitu ezinik. Lanean hasi ahal izan zuten bi ingeniari haietatik, bat --promozioko bigarrena-- udaltzain sartu zen Barakaldon eta bestea -- lehena-- Eskolak berak hartu zuen bere baitan erakundea lotsagarri gerta ez zedin.
Sistemak porrot egin duela diotenei Noerena gertatzen zaie, euren mundutxoan ezagutzen dutenaz ari direla, ez munduaz. Dilubio unibertsaltzat jotzen dutela, euren inguruko zaparrada besterik ez dena. Sekulako zaparrada segurutik, baina zaparrada baino ez.
Egungo zientziaren arabera ez da inondik ere egia mundu osoko “uholde nagusirik” izan zenik inoiz, baina bada hainbat zientzialari Noek bizi izan zuen berrogei eguneko euri-jasa Israelen gertatu izana ukatzen ez duenik. Nik neuk entzun izan ditut Israelgo itsasbazterreko dunetan, bertan izan omen zen uholde handi-mandiari buruzko zertzeladak eta azalpenak.
Auskalo Bibliak jasotzen duen uholde nagusia inoiz gertatu ote zen baina, gertatzekotan, zalantzarik ez gero urpean geratutakoa ez zela mundu osoa izan, Noek eta bere familiak ezagutzen zuten mundu partikularra baino. Tokian tokiko uholde harek ez zuen munduaren historiarik aldatu baina bai, ordea, Noeri berari zuzenean zegokion historiatxoa: bere historiatxoa, alegia.
Azken urteotan jasaten ari garen krisialdiaz ere antzerako esan genezakeen. Krisialdia bai, baina ez unibertsala. Mendebalde klasikoak maldan behera egin duen bitartean, Brasilek, Errusiak, Indiak eta Txinak gora egin dute nabarmen, eta gorantza ere Mexikok, Nigeriak, Malaysiak eta beste hainbatek. Sistemak porrot egin duela diotenei Noerena gertatzen zaie, euren mundutxoan ezagutzen dutenaz ari direla, ez munduaz.
Gainera, gure mendebaldeko mundutxo honetan ere “mundutxotxoak” daude. Hau da, 2010 urtean zehar Europar Batasunaren hazkuntza +%1,7 izan da bai, baina Alemaniarena +%3,6 izan den artean, Espainiarena -%0,1.
Bada dioenik (BBVA Research) espainiar ekonomia %0,9 inguru haziko dela datorren urtean. Baina, jakina, ez denean berdin. Euskal Autonomia Elkarteak, Nafarroak eta Madrilek %1,5 egingo omen duten arren gora, Gaztela-Mantxa, Galizia, Valentzia eta Murtzia %0,2 inguruan arituko omen dira.
Edozein modutan, panorama benetan larria lanik gabe daudenentzat. Hogei urteko adinaren bueltan daudenentzat benetan urte latzak datoz. Alde egiteko premia ere ez da batere berria Euskal Herrian. Orain hamar urte dituzten neska-mutikoek garai hoberik ezagutuko al dute!