Alde egiteko premia gutxi
Gazteen arteko lanik ezaren azken datuek bazterrak asaldatu dituzte. Sekula izan den parurik handienetakoa omen. Segurutik datu kezkagarriak dira baina, hala ere, “sekula” hitz potoloa da. Potoloegia. Izan ere, Euskal Herria betidanik izan da emigratzaile-lurraldea. Urrunegi joan jabe, gure aita zena Argentinara joan zen 1930an lan-bila, 21 urte zituela. Koldo Aranberri gaztea ez zen inondik ere bakarra izan. Bere bizpahiru anaiarekin batera jardun zuen Panpako gauchoen artean "lechero". Eta nere aita besoetako osaba, Gregorio, Buenos Airesen hil zen aittittatuta.
Bi urte lehenago Deban, Jose Manuel Ostolaza indianoak Escuela Biblioteca del Emigrante sortarazi zuen 1928an, bertako 36 seme Ameriketara lanera joateko prestatu zitezen “y cuando el tiempo transcurra ahuyentaréis de vuestros hogares la pobreza que habéis heredado y os rodea todavía” (Revista DEBA, 76. zenbakia)
Iñigo Landak bildutako argazkia (La Voz de Guipúzcoa 1930.11.18).
Euskal emigrazioa
“Para ser un auténtico vasco, se requieren tres condiciones: llevar un apellido sonoro que indique el origen, hablar la lengua de los hijos de Aitor y… tener un tío en América” (L'Emigration basque. Pierre Lhande. Paris, 1910. Sortzez frantsesez idatzia Auñamendi Argitaldariak itzuli eta argitaratu zuen (Donostia, 1971). Euskal emigrazioaz hitzegiteko oinarri-oinarrizkoa Aita Lhanderen hau.
Euskal Herria ez da oraintsu arte lurralde aberatsa izan. Balearen arrantza (X-XIV), Holanda, Brabante eta Hansako Ligarekiko merkatal-harremanak (XIV-XV), Ameriketarakoa (XVI-XIX), Utrecht-eko Bakeak Iparraldean eragin zuen hondamendia (XVIII-XIX) etab… Euskal Herriak demaseko hustualdiak jasan izan ditu hainbat mendez.
Han-hemenka bildutako datuei jaramonik egingo badiegu, 1840tik 1842ra bitartean Hego Euskal Herriko 1.300 lagun joan ziren Argentinara zein Uruguayra, eta 1852etik 1870ra, berriz, 1.000 giputz.
Are nabarmenagoak dira Iparraldeko datuak: 1832tik 1891ra 80.000 ipartarrek aldegin zuten Ameriketara. Kopuru ikaragarria gero, 1901 urtean 173.351 lagunekoa baitzen Iparralde osoko biztanleria. Osterantzean, 1908an 250.000 inguru omen ziren euskal jatorrikoak Argentinan.
Eibartarroi dagokigunez soil-soilik, Gregorio Mujikak 147 eibartar ospetsuren berri bildu zuen, XVI. mendean baino ez, Flandria, Italia, Peru eta Mexikoko goi mailako ardura eta postuetan.
Gazteen arteko lanik eza sekulakoa omen den honetan, Brasil, India eta Txina dirateke gaur egun garai bateko Flandria, Peru, Mexiko, Argentina edo Uruguay. Baina ez dirudi inork alde egin nahi duenik… turismoa egiteko ez bada.
Nere osaba bat Argentinara joan zan 1930an eta gordeta dauzkagu handik bialdutako kartak.