Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Tene Mujika, 1936an 2036rako aldarria iragarri zuena

Tene Mujika, 1936an 2036rako aldarria iragarri zuena

Amatiño 2023/08/30 09:40
“Tene Mujikak gaur egun ez dauka irakurlerik, batto ere ez, ezin baita ia inon eskuratu haren libururik” diosku Kepa Altonaga irakasleak*. Hala ere, Debako neska-mutilak erruz biltzen dituen Errotazar futbol-zelaiaren sarreran zera irakurri daiteke: “elearen osasuna gaztedian dago: iraungo badu, gizaldi guztietan erabilliko duten gazteak bear ditu” (Tene Mujika, 1921).
Tene Mujika, 1936an 2036rako aldarria iragarri zuena

Zornotza, 1923

Ezin gero esan Tene Mujikak zenbat irakurle dituen gaur egun. Ezta haren libururik eskuratzen erraza edo zaila ote den ere. Baina hanka-sartzerik egiteko arrisku handirik gabe zera esan dezaket: Deban, behintzat, gazteenek ere gogoan dute Tene Mujikarik izan dela munduan, Lersundi kaleko kantoian jaio zela aspaldi, etxe-atarian oroitarria dagoela esekia, eta haren “Miren Itziar’i Idazkiak eta Olerkiak” (Zornotza'n, Jaungoiko-zale'ren  irakorlan, 1923) liburua eskuragarri dutela udal-liburutegian (2). 

Datu gehiago nahi izatekotan, berriz, behar beste informazio aukeran du edonork parerik gabeko hiru liburutan (3): “Tene Mujika emakumea. Pizkundetik ahanzturara” (Nekane Goikoetxea. Eusko Jaurlaritza, 2022). “Udazkenaren argitan” (Cira Crespo. Elkar-Debako Udala, 2022), eta aipatu ikertzaile biek Belen Ibarrolarekin batera moldatutako bilduma, non jasotzen diren Tene zenaren artxibo pertsonalaren objektuen erregistroa, Patxi Aldabaldetreku funtsak zein Mujika familiak utzitako materialak, eta guztia diseinu txukun, esanguratsu eta berritzailez burutua. 

Tene Mujika xafla
Tene Mujikaren omenezko xafla, jaiotetxeko atarian

Ez dut uste Tene Mujikaren garaikideen artean euskal idazle askorik dagokeenik, azken urteotan debarrak besteko azterlan bildu duenik bere inguruan. Eta inon besterik baldin bada, nekez gero Nekane Goikoetxeak, Cira Crespok eta Belen Ibarrolak –bakoitzak bere aldetik eta hiruak elkar-lanean — osatu duten ekarpenaren parekorik. Oraintsu bete dira 40 urte Tene Mujika (1888-1981) hil zela, eta zinez uste dut urtebetetze honek onik baino ez diela erakarri Tene Mujika zenaren gomutari, ezagutzari, nondik norakoari eta bere garaiko ingurumari osoari.

Hiru liburuok argitaratzearekin batera, beti beltzez jantzita ikusi nuen emakume urtetsua erabat piztu da nire begietara. Edo, hobeto esan,  segurutik ez da Tene bera izan piztu dena, aurreiritziz jositako nire begi lausoak baizik. 1936ko Argiaren egutegian, 2036rako euskal irakurle sendoa iragartzeko iradokizuna izan zuen idazleak bazuen, antza, urte latz hartan (eta geroago), edonork ez zukeen ikuspegi argitsu eta itxaropentsua.

Nekane Goikoetxeak bere liburuaren sarreran dioen bezala: “Frankismo berantiarrean jaiotako euskaltzaleok ez ditugu ezagutu zu moduko emakume erreferenteak: nekez azaldu zarete eskolako curriculumetan, erreportaje gutxi egin dira zuen inguruan, alderdiek ez zaituzte loriatu, ahanzturan erori da zuen memoria. Ez diogu gauza bera opa hurrengo belaunaldiari”.

Eta, horrez gainera,  frankismo berantiarrean koskortu ginenoi inork ez zigun Tenerik ganoraz aurkeztu, eta guk ere ez genuen hartaz ezer galdetzeko irrikarik sentitu. Nonbait, 1977an-edo, Lankide Aurrezkiaren egutegi-leloak besterik aldarrikatu arren, "katea eten egin zen". Frankismoa batetik, adanismoa bestetik, katebegiren bat edo beste, bai behintzat. 

* “Axularren gerizapean”. Upaingoa Saila. Pamiela, 2022.

** Baita, nahi izanez gero, salgai eta sarean ere: Miren Irtziar`i idazkiak eta olerkiak. Zornotza, 1923.

*** Eta aurreko erreserben datak idatziak geratzen direnez, zenbatek eraman izan duten irakurtzeko etxera jakitzerik ere badago.

Tene Mujika. Bidegileak

Amaikak bat Errotazar
Errotazar, Deban, Amaikak Bat futbol-taldearen zelairako sarrera
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna: