Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Teleberri albistegiak 40 urte

Teleberri albistegiak 40 urte

Amatiño 2023/12/19 23:25
Gaur dira berrogei urte Teleberri albistegia estreinako kaleratu zela. 1983ko abenduaren 19an, Juan Luis Bikuña kazetari bergararrak aurpegia jarri zion Euskal Telebistak sekula gaztelaniaz egindako lehen albiste-saioari. Eta une hartan ernaldu zen, nolabait, bi urte luze geroago sortuko zen ETB2ren lehen kimu finkoa.
Teleberri albistegiak 40 urte

Juan Luis Bikuña

ETB telebista (aurretik Eusko Irratia bezalatsu) elebiduna izateko asmotan jaio zen hasiera beretik. 1982ko abenduaren 31ko gauerdian antenaratu zen lehen programa elebiduna gogoratu besterik ez dago.

1983ko urtarrilean zehar Eusko Jaurlaritzak erabaki zuen, ordea, Euskararen Aholku Batzordearen proposamenez, ordu arteko esperientzia elebidunek --irratiz (Herri Irratia) zein egunkariz (Deia eta Egin)-- garbi asko frogatzen zutela euskarak gaztelaniaren kontra espazio berberean lehiatu ezina. Beti euskara bigarren mailara makurtarazten zuen lehia zuzena  saihesteko erabaki zen ETBk programazio elebidun konbentzionalik ez egitea, bi hizkuntzak elkarrekin gurutzatu ez zitezen. 

Zentzu honetan, aparteko bi tarte berezi egitea erabaki zen. Bata, otsailetik aurrera hasi zena,  ohikotzat jotzen ziren orduetan, iluntzeko zazpietatik afaloste artekoa, euskara hutsez, "Gaur Egun" albistegiaren inguruan.  Eta bestea, gaztelaniaz, abendutik aurrera, orduan batere normala ez zen eguerdiko ordu bietatik arratsaldeko bostak arte edo,  "Teleberri" albistegiaren bueltan. Honela lortzen zen nolabaiteko programazio elebiduna, baina hizkuntza bakoitza bere barrutian, elkarri espazioa jan beharrean jartzeke, nahiz kate berean suertatu.

Bi urte eta erdi geroago, 1986an, eguerdiko erdal tarteari erantsi zitzaion gaueko ordutegi osoa, gaztelaniaz, eta gaueko euskarazko programazioari ezarri zitzaioan aurretik eguerdiko tartea, euskaraz ere.  Honela sortu ziren egungo modeluak, ETB1 eta ETB2 paraleloan, bakoitza bere programazio aproposaz.

Honezkero 40 urte bete dituen Teleberri albistegia bataiatzerako orduan hiru ideia nagusi erabili ziren gogoan: TELEberri”, egitasmo berria zenez (tele berria, telebista berria); TeleBERRI, telebistaz emandako berriak (tele-abistea, telebista-albistegia) eta TELEBERRI, ordu berean TVEk zuen “Telenorte” albiste-saioa gainditu gurarik.

Juan Luis Bikuñak  27 urte egin zituen astegunero pantailan agertzen. Bera izan zen, bi hamarkada luzetan, Teleberriren eguneroko aurpegia. 

Zorionak Juan Luis.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna: