Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Sorozabali zor dizkiogun katiuskak

Sorozabali zor dizkiogun katiuskak

Amatiño 2019/01/01 20:30
Debako familia guztiek dakite nor izan zen Pablo Sorozabal, ez zuen-eta alferrik donostiar musikagileak Debako martxa konposatu 1956an, geroztik, urtero, danborradan jotzen dena. Alderantziz, ordea, konpositorea ezezagun samar hil zen hiru hamarkada geroago, Madrilen, non mundu guztiak-edo jotzen zuen Sorozabal, saskibaloi-jokalaririk onenaren deituratzat. Ez, Pablo Sorozabalek ez zuen inoiz saskibaloian egin, baina Debako martxaz gainera beste hainbat konposizio ospetsu zor dizkiogu, “katiuskak” izeneko botak gizarteratu zituen zarzuela tarteko.
Sorozabali zor dizkiogun katiuskak

Katiuska parea

Ezustekoz ezusteko, Donostian jaio (1897) eta Madrilen hil zen (1988) euskal musikaria izan genuen Pablo Sorozabal. Inoiz goi mailako musikagilea izatera helduko zenik sekula barrundatu ez arren, kalekume soila zela solfeo ikasteko aukera izan zuen, ezustean, Euskalerriaren Adiskideen Elkarteareari esker; gero, nerabetan, kabaretez kabarete biolina jotzen aritu izanagatik, ezustean, Donostiako Udalaren beka irabazi eta, Alemanian, orkestra-zuzendaritza ikasteko aukera izan zuen; eta, azkenik, musika sinfonikotan konposatzailea izatera iritsiko zelakoan, arrazoi ekonomikoengatik musika liriko arina moldatzen amaitu zuen, ezustean ere, bestelakoan nekez lortuko lituzkeen gizarte-ospea eta arrakasta erdietsiz.

Besteak besteak, hainbat euskal suite, sinfonia eta filmetako soinu-bandaz gainera, hogeitaka opera, opereta eta zarzuelarentzako musika burutu zuen Sorozabalek, “Katiuska” (1931), “Adios a la bohemia” (1933, Pio Barojaren libretoaz), “La del manojo de rosas” (1934), “La tabernera del puerto” (1936), “Black el payaso” (1942) eta Juan José” (2016an estreinatua) tarteko; denak ere zein baino zein ezagunagoak, nire amama Segunda zenaren gustuko, gaztelaniaz ikasteko Antzuolatik Donostiara joan behar izan zuen arren. Oraindik ere gurean diraute haren “bitrolazko” disko gogorrak (78 RPM), nahiz entzuteko gramofono aproposik inguruan geratu ez

Katiuskaren “katiuskak”

Hain zuzen, Sorozabal zendu zenetik 30 urte bete direla-eta Natibitate biharamunean, Donostian antzeztu da, jende-arrakasta handiz, “Katiuska” zarzuela, zeinetan entzun ahal diren hirurogeiko hamarkada arte lagunarteko afalosteetan buruz abestu ohi ziren kantak, “La mujer rusa”, “Rusita, rusa divina" eta "A París me voy",  esaterako. Eta, nago, oraindik ere herri-jaietako txarangek sarri jo izaten dutela, jakinezta behar bada, “Kosakos de Kazan” deritzon martxa.

Katiuska zarzuelaren gizarte-arrakasta zein zabala izan zen jabetzeko, gogoratu besterik ez dago, Katiuska protagonistak oholtza gainean zeramatzan gomazko bota altuak modan jarri ezezik, “katiuska” izenez pasatu zirela gaztelaniazko zein euskarazko hizkera arruntetara. Ez zen, antza, garaiko joera soila izan, bizpahiru belaunaldi geroago ere indarrean jarraitzen baitu Googlen eta Elhuyar zein Labayru hiztegietako sarreretan. .

Sorozabal Pablo

Pablo Sorozabalen argazkia, Debako Ozio Bide elkartean dagoena. Bertako pianoan jo ohi zuen lagunartean; baita, giro hartan, Debako martxa burutu ere.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna:
Aurkezpena

Amatiño

Luis Aranberri Mendizabal