Sorozabal, hiru emakume ederrek mantendu zuten bertsolari-semea
Pablo* Sorozabal musikagilea jaio zeneko 125. urtebetzea dela eta, hiru ekitaldi (ahots-musika, ganbera-musika eta euskal folklorea) eratu berri ditu Donostia Musika** elkarteak Donostiako bertako Victoria Eugenia antzokian. Zor zaio eta merezi du Sorozabal zenak horrelakorik eta gehiago.
Nik Sorozabal lotzen dut, ordea, 1950eko hamarkadan gure etxean zeuden lehen viniloekin (78 RPM) eta Olazabal (Antzuola) baserriko amamak entzun izaten zituen zarzuelekin. Lotzen dut hamaika urte baino ez nituela ikusi nuen “Marcelino, pan y vino” filmarekin eta koskortu ahala erabat erromantikoa iruditzen zitzaigun "Maite" (euskal bertsioa, Nemesio Etxanizena) kantarekin. Eta lotzen dut, jakina, Katiuska errusiarrak zerabiltzan oinetakoek eman zietelako izena guk gero erabili izan genituen "katiuskekin".
Eta Sorozabal lotu ere lotzen dut, ezinbestez, hogei urte kunplitu aurretik Debako jaietako danborradarekin (Debako martxa), Ozio-bideko (bertan baitago haren argazkia) lagunarteko afariekin eta orduko lehen gau-pasekin (hobe pistarik ez ematea).
Lotzen dut, azkenik, Sorozabal liberalak zuen “kontestatario” ospearekin, Debako martxa (hirugarren kalez kale) ez baitago alferrik oinarritua, Sorozabalek berak 1936an eta Madrilgo defentsan ari ziren “euskal milizien” omenetan burutu zuen “Euzko-indarra/Euzkadi libre” partituran.
Hain zuzen, gerra ostean, Madrilgo Orkestra Sinfonikoaren zuzendari zelarik, dimititu arazi zioten, Shostakovichen “Leningrado Sinfonia” (nazien erasoen kontra Leningradoren defentsa gomutatzeko) jo izan nahi izan zuelako eta, geroztik, bere eresiak interpretatzea ere debekatu zioten, "Euskalerria", "Gernika" eta beste, funtsean benetako ereserkitzat hartu zitezkeelakoan.
Jose Mari Usandizaga, Aita Donostia, Azkue, Pio Baroja, Nemesio Etxaniz eta beste izan zituen lagun, eta gauza izan zen, pasadoble eta chotis erritmoez baliatzeko, Iparraldeko Barbierren eta Elizanbururen olerkiez bezain erraz, Pasaiako Batelerak zein Baztango Sagar Dantza tarteko.
* Ama zenak beti 'Paulo' esaten omen zion.
**Sarri kexu azaldu izaten naiz ni, musika eta dantza ekitaldietan sumatu izaten dudan "paper" (programa, iruzkin, gutxieneko azalpen, instrukzio-liburu, literatura etab.) faltaz. Berriketa gabekoa, berriz, oraingo honetan Donostia Musikak burutu ahal izan duen Pablo Sorozabal 2022 liburuxka (5€). Gustura gordetzen diren horietako. Zorionak.