Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Skandiberika, Ipar Euskal Herrian zehar

Skandiberika, Ipar Euskal Herrian zehar

Amatiño 2020/07/22 10:00
Eurovelo 3, Erromesen Txirrindu-bidea, Trondheimetik (Norvegia) Santiagora (Espainia) bitarteko Donejakue kaminoa da. Guztira 5.122 km., Suedian, Danimarkan, Alemanian, Belgikan eta Frantzian zehar. Zati frantsesari (1.700 km.) "Scandibérique" deritza eta, Galiziarantz, Euskal Herritik pasatzen da, Lapurditik zein Nafarroatik.

Baionatik Iruñerantz, Baztan aldetik gurutzatzen ditu Pirinioak, eta zidor aski ezezaguna da arabar, bizkaitar eta gipuzkoarrontzat. Akize-Uztaritze arteko 80 kilometroak baino ez ditut nik bertatik bertara ezagutzen. Bide benetan polita, lasaia, lau-laua, erabat ordokia,  patxadaz ibiltzekotan, merezi duena, Aturri eta Errobi ibaien ibarretan barrena.

Saubuçatik Aturrira
Ezin esan sarbidea ezkutuan dagoenik

Iparretik hegoalderantz datorrelarik, Skandiberikak Akize (Dax) hiria kalez kale gurutzatzen du, auzo-errepidez abiatzen da Saubusseraino (Saubuça, gaskoiz), eta bertako elizdorrearen magaletik eskuinera, bost begiko zubitzarra hartu aurretik, jaisten da Aturri albora. Hemendik, Baionaraino, 46 kilometroz, ez du galbiderik.  

Seinaleak
Saubussetik Ahurtira 29 km. eta Ahurtitik Baionara, 17 inguru.

 

Ahurtirainoko txirrindu-bidea ibaiaren eskuineko ibarretik doa, ur emariaren aldamenetik sekula nabarmen aldentzeke. Ez da “bidegorri” hiritartua, auzokoen eguneroko ibilbide arrunta baizik, eta noizik behin ikus daitezkeen auto geldoak bertako bizilagunenak baino ez dira: "Sauf riverains".

Ibai-bidea
Ez da sarrerarik ordaindu behar
Saubuçatik Ahurtirako erdibidean-edo, txirrindulari interesatuak antzeman ahal izango du parez-pareko ibarrean, ezkerraldean alegia, Port-de-Lanne herrixkaren etxe-bildua. Izenaren jabe, Port-de-Lanne portua izan zen noizbait, eta ez nolanahikoa, Akizetik Baionaraino sekula izan den aurreneko ibai-kaia baizik.

Port de Lanne
Ezusteko marearen mitoak bizirik dirau. Arrantzan ziharduen lagunak lau metroko gorabehera izan ohi dela segurtatu zidan. Internetek 2 metro inguru dio.

Port-de-Lanne da, gaur egun, arrantzazaleentzako kokaleku atsegina,  non mareak pare bat metroko gora-behera egiten duen birritan egunero, eta erreka-bazterrean euren kanpinak jarri izaten dituzten turista ezjakinek ustegabekoren bat baino gehiago jasan ohi duten. Lekuak ez du aparteko erakarpenik, balio historikoa izan ezik, eta bakoitzak jakingo du zubia pasatu, hainbat kilometro egin eta ordubete galtzerik, edo irabazterik, merezi ote duen.

Ahurtira helduez gero, txirrindulariak bi aukera ditu Baionaraino jarraitzeko, ezker ibarretik zein eskuinetik. Ezkerrekoa, hegoaldekoa, lurrez Euskal Herria da eta eskuinekoa, aldiz,  iparraldekoa,  Landetakoa, inguru honetan Aturri ibaia baita bi barrutien arteko muga.

Esan bezala, Ahurtiko zubia gurutzatuz gero, bideak euskal ibarretik jarraitzen du, Urketan eta Lehuntzen zehar, Ardanibia ingurutik, Errobirantz. Bidea erosoa eta polita da oso.

Bidegorria
Eskuin ibarreko bidegorri zoragarria, aurrekoz atzera, Akize aldera hartutako argazkian.

Ahurtiko zubia bere gisara utzi eta eskuin ibarretik jarraituz gero, ostera, Landetako ibarretik, Bokalerantz, hasierako bidegorria luxuzkoa da baina, Baionara sartu aurretik, nik dakidan neurrian behintzat, bidea aldats egiten da, zaildu, eta kaletartu.

Aukeran, nik nahiago euskal ibarretik (hegoaldekotik), Baionako merkatu plazaraino eta, handik Uztaritzeraino, Errobi ibaiaren ezker ibarretik, Maite Barnetxe ibilbidetik alegia.

Aturri Baionarantza
Ezkerrez nahiz eskuinez, zer nahi aukera delarik, Aturria ezagutzen ez duenak ezer gutxi daki euskal ibaien edertasunaz.
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna: