Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Lapurdin, pirripitaz, zirga-bidez eta barta-bidez

Lapurdin, pirripitaz, zirga-bidez eta barta-bidez

Amatiño 2019/12/29 12:00
Ez dut, Lapurdin, hiri-barruko bidegorririk ezagutzen. Badira, ordea, Baionaren inguruko hainbat herriren arteko ibilbide egokiak, aukeran pirripitaz (txirrindua, lapurtarrez) abiatzeko. Guztiz aproposak, esaterako, Errobi zein Aturri ibarretako “zirga-bide” eta “barta-bide” izenekoak. Baita Aturri ibaiaren uretan amaitzen diren Ardanibia, Aran eta Biduze errekaldeetakoak ere.
Lapurdin, pirripitaz, zirga-bidez eta barta-bidez

Baionako lehen karrika

Hegoaldetik hurrenetakoa  Baionatik Uztaritzeraino doana da  Errobiren ezkerraldetik.  Izatez, Baionatik  Baztanerainoko Santiago bidearen lehen partea da. Uztaritzeraino bizikletaz joateko moduan eta, handik aurrera,   Ezpeletan, Zuraiden eta  Ainhoan barrena, errepidea edo zidorra.

Nik beti egin izan dut alderantziz, hau da Uztaritzetik Baionara, Uztaritzeko sarreran autoa non lagatzeko parkina baitago eta Baionako merkaturaino, artez arte, bizikleta gainean eroso asko sartzeko beta eskaintzen du.

Joan-etorria 23 km. inguru dira. Uztaritzen, Chemin de Halage  delakotik ekiten zaio zirga-bideari. Baionako udal-lurrak  Basusarrirako bidegurutzean hasten dira, "Aldapa", "Celaya" eta "Urgain" baserrien alboan, hurrenez hurren. Hemendik aurrera, Aviron Bayonnais rugby taldearen egoitzaraino,  Maite Barnetxe euskal kazetaria zenaren izena hartzen du ibilbideak. Eta, Jauregiberri amiralarena, berriz, lehen zubi, nasa edo kaietara heldu bezain laster.   Bide “gorria” baino, bide “arrea” da, galipota alegia,  eta baldintza dezente onetan dago.

Nabarmen luzeagoak dira Aturriren bi ibar-bideak. Eskuineko “barta-bidea” batez ere, jira eta buelta, 40 kmz, Akizeraino doana. Ezkerrekoan, berriz, Ahurtiko nafar portu zaharretik Hastingarainokoa-edo (15 km.); behin bertatik ibili nintzen “esploraziotan”, eta ez nuen nire burua batere eroso sentitu. Nonbait, hango logika eta nirea ez zetozen bat.

Batere ordenarik ez duen arren, potxolada erromantiko samarra dena zera da: Ahurtitik, Urketa tarteko, Ardanibia errekaren inguruko parke natural txikiaren barrena, Baionarantz abiatzen dena.

Baina, hauetaz, beste behin hitzegingo dugu. 

 Baionako sarrera web

Errobiren ezkerraldeko zIrga-bidea, Maite Barnetche ibilbidea. Barrenean, Baionako katedrala, aurtengo Gabonetan

oooOooo

Zirga. Ibarretako nekazariek derrigorrez libre utzi behar izaten dituzten ibai-bazterrak, lehorretik zirgaz (sokaz) ontziak lotu edo tiratu ahal izateko.

Barta: Frantsesez barthes eta gaskoiz barta. Euriteak edo uholdeak direnean, urak gailendu egiten dituen lurrak.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna: