Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Sekula ordenarik eman ez zuen zuzendaria

Sekula ordenarik eman ez zuen zuzendaria

Amatiño 2011/07/02 18:00
Miren Jone Azurza eta Ignazio Arregi (Ohorezko aipamenak), Igone Fernandez (Kazetari berria), Ainhoa Oihartzabal (Sari berezia), Goiena Komunikazio Taldea (Sari nagusia) eta Erlea aldizkaria (Aitormen berezia) saritu ditu, “Xabier Lete gogoan”, XXIII. Rikardo Arregi Kazetaritza Sariketak. Besteak beste, Miren Jone Azurza izan zen nire lehen zuzendaria, sekula ordenarik eman ez zuen zuzendaria.

ArregiAzurza500

Ignazio Arregi, irratiaz, eta Miren Jone Azurza, prentsa idatziaz, egungo euskal kazetaritzaren aitzindariak

Miren Jone Azurzarik izan ez balitz ni ez nintzateke gaur egun kazetari izango. Zeruko Argia-ren zuzendari zela etxera etorri zitzaidan ate joka, eta gustukuen nuena egiteko aukera eman: kalera atera, albisteak bildu eta askatasun osoz kontatu. Hura zeharo berria zen euskal aldizkaritzan.

Miren Jone Azurzarik izan ez balitz Zeruko Argiak ez zukeen sekula “Zenbat Gara” informazio-sailik izango; Amatiño ez zen kazetaritzan saiatuko; Deia egunkariak ez zidan inoiz eskaintzarik egingo; ez ondoko ETBren tren-aukera hartuko; eta ez, jakina, berrogei urteren bueltan, gaur eta hemen, testu hau idazten arituko. Aita zenak egin nahi izan ninduen enpresari eta Miren Jone Azurzak egin ninduen kazetari.

Aldaketak ez dira gero egun batetik bestera ustekabean gertatzen, zubigintza betidanik izan da. Baina hau egia izanda, egia ere bada ezein zubik dituela beharrezko ardatzak eta zutoinak, eta Miren Jone Azurza izan zela 1970 urte inguruan euskal kazetaritzak ezagutu zituen aldaketarik handienen ardatz eta zutoin nagusia.

Hemeroteketara jo baino ez dago samur frogatzeko euskarazko informazio-kazetaritzaren sorrera Zeruko Argia-ren baitan gertatu zela, ez beste ezein aldizkaritan. Eta hemeroteka berberetan murgildu besterik ez dago konturatzeko, informazio-kazetaritza horren susperraldia 1969tik 1975era burutu zela, Miren Jone Azurza Zeruko Argia-ren zuzendari izandako sei-zazpi urte horietan, hain zuzen. 

Jakina, urte haietan bestelako aldaketarik ere izan zen euskal gizartean,  eta ez diogu gero Miren Joneri orduko gertakari guztien meritua leporatuko. Baina bai ordea aitortu beharko, erabat erabakigarria izan zela une hartan Zeruko Argia-ren zuzendaria kazetaria eta emakumea izatea.

Leioako kazetaritza-fakultatearen atarian arras arrunta dateke egun hainbat neskatila euskaraz berbetan sumatzea, baina 1967an. ez zen horrelakorik batere, ezta Leioako fakultaterik ere, oraingo gazte jendeak besterik uste arren. Oso-oso oker ez banago, 1967 arte ez zen prentsa idatzian euskaraz aritzeko gauza izan zitekeen kazetari tituludunik. Horra non, Miren Jone aurrena edo aurrenetakoa.

Enegarrenez 1963an berriro kaleratu zenean, Zeruko Argia iritzi-artikulu aldizkaria zen, albiste bila kalera atera beharrik gabeko testuez osatua. Osterantzean, 1975an, albisteak, erreportaiak, elkarrizketak eta erdal egunkariek biltzen ez zituzten berri bakanak eskaintzeko gauza zen. Eta trafiko-aldaketa haren gidaririk nagusiena Miren Jone Azurza izan genuen, 1969an zuzendari izendatu zutenetik aurrera. 

Miren Jonek jakin zuen bere magalean bildu ginen “amateur” guztion nagusia izaten. Ez gintuen inoiz gutxietsi, ez zigun errietarik egin, ez konturik eskatu, ez biderik moztu. Alderantziz, lagundu besterik ez zuen egin, aukerak eskaini, aterabideak proposatu, urraspideak iradoki... ofizioa irakatsi. Eta guztia, itxuraz behintzat, sekula ordenarik eman gabe.  Horretarako ez da aski kazetari maisu izatea, horretarako emakume ere behar da izan.

MJAzurza500

Miren Jone Azurza, Ana Carrere alkatearen eskutik ikurra jasotzen

Sarituak500

Saritu guztiak elkarrekin

Kintanakeriak500

Xabier Kintana euskaltzaina, pozarren, kintanarenak egiten

AnttonValverde500

"Xabier Lete gogoan", ezin gero Antton Valverde falta

 

BERRIA

GOIENA

EL DIARIO VASCO

NOTICIAS DE GIPUZKOA

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna: