Sarrioen harana
Joan Corominasi jaramonik egin badiogu, sarrio Pirinioetako izena da. Sarri, xixardo, chizardo, chizard edo isard, aragoieraz, gaskoinez, okzitanieraz zein katalunieraz. “De origen prerromano –dio--, pero es incierto cuál es su etimología exacta: parece tratarse de una palabra ibérica o protovasca, IZARR- cuyo significado originario es dudoso”.
Azkuek azaldu zuenez, berriz, “izar” adiera “garai” (goialde) delakoaren pareko dateke eta, zentzu honetan, ulergarri lirateke Izarra (Arabako herria), Izarraitz (Urola gaineko mendia), Izarbe (Huescako Andre Maria) edo Izargain zein Izargarai toponimoak eta abizenak (Gipuzkoan eta Nafarroan). Baina, Corominasen ustez, ezin da segurutzat jo, Azkuek baino ez baitu horrelakorik jasoten, eta beste ezein hiztegitan horren susmorik ere ez dagoelakoan.
Edozein modutan, zalantzarik ez gero sarrioak Pirinioetako izarretan bizi diren “mendi-ahuntzak” edo direla, eta gaur egun begi bistan maizen ikusi daitezkeen basabereak direla, Auñamenditik Kataluniara bitartean. 2003ko erroldaren arabera, guztira 53.200: Nafarroan (200), Huescan (14.000), Andorran (600), Katalunian (13.000) eta Okzitania osoan (25.400).
Sarrioen harana, larunbat goizean
Eskuinetik ezkerretara, Sansaneteko parkinetik (1.320 m.), Estanes iboi (1.790 m.) inguruan zehar, Sarrioen haran barreneraino (2.050 m.), sei orduko joan-etorri lasaia, txiza egin, argazkiak atera eta ogitartekoa jateko denbora eta guzti.
Hogei kilometrora, aurrez aurre, begi bistan, Hiru Erregeen Mahaia (2.446 m.) eta Auñamendi (2.504 m.) gailurra
Estanes iboia Aragoin dago; eskuineko mendi garaua, Biarnon; eta atze-atzeko mendi-lerroa, Euskal Herrian. Argazkian, hiruzpalau eibartar