Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Salvat Monho, nafar ardotan bixkotxak sartzea gustuko zuen apaiza

Salvat Monho, nafar ardotan bixkotxak sartzea gustuko zuen apaiza

Amatiño 2021/02/26 20:00
Orain hurrengo, Iñaki Segurolaren “belarriak” proposatu zigun*, beste zenbait klasikoren artean, Salvat Monhori entzutea, nolabaiteko euskara eredugarriaz-edo jabetzeko. Bapo. Baina, nor arraio da Salvat Monho?

Salvat Monho (Izturitze, 1749 – Bardoze, 1821**) baxenafarra, Hegoaldean bederen, lar ezaguna ez izan arren, bere garaiko idazlerik onenetakoa izan zen Iparraldean, nahiz, egia esan, XVIII. mendea emankorrena ez izan Bidasoaz handiko literaturan.

Piarres Lafitte euskaltzainari jaramonik egingo badiogu, Utrecht itunak (1713) erakarri zuen Frantziak Ternua eta Europaz kanpoko beste hainbat kolonia galtzea, Ingalaterraren mesedetan, eta, ondorioz, sekulako hondamendia Lapurdiko itsas-ekonomiaren kaltetan. Zer esanik ez, mendea amaitu aurretik, Frantziako Iraultzak (1789) Utrecht-en errautsak areagotu zituenez gero. Hartara, lekutan geratu zen aurreko mendean Donibane Lohitzuneko Piarres Etxeberrik “Itsasoko nabigazioneko liburua” euskaratzea edo Ziburuko Joanes Etxeberriren “Balea zaleen othoitzak” sustatutu zituen gizartea!

Salvat Monho apaiza zen aldetik, eliz-giroko poemak idatzi zituen gehienbat, Piarres Lafittek argitara emandako antologia (Poèmes Basques de Salvat Monho. 1749-1821 – Baiona, 1972) lekuko***. Hala ere, bestelakoak ere idatzi zituen, eta Lafitte bera hartaz baliatzen da, literatura-kritika baino, Monhoren izakeraz nolabaiteko profil psikologikoa egiteko, ideologiaren eta kostunbrismoaren arteko kulunkan. Euskaltzainaren iritziz (jatorrizko testua, frantsesez),   Salvat Monhoren  poema profanoek, hain ugariak ez diren arren, beste horizonte batzuk irekitzen dituzte egilearen psikologiaren inguruan.

Alegia, Salvat Monho:

Jakintsu da. Ez ditu arbuiatzen antzinako testuak, Bako eta Apolo ez zaizkio arrotz.

 Ez da jansenista aszetikoa: ez zaio ardura Nafarroako ardoetan bixkotxak sartzea.

 Emakumeekin txantxetan aritzen da: atsegin handiz jokatzen du Madame de Belsunceren katuarekin eta Madame de Saint-Casteten oilarrarekin.

 Garat eta Ithurbide onartzen ditu hauteskundeetan, nahiz damutu, Garatek Luis XVI.aren heriotza-zigorraren berri ematen duenean.

Behar bada, Monhoren belaunaldiarekin murriztu zen Iparraldean Axularren eskola, eta, aldi berean, Hegoaldean suspertu, Larramendirena, XVIII. mendeko idazle-andanarekin batera: Kardaberaz, Mendiburu, Mogel biak, Añibarro, Agirre Asteasukoa, Astarloa, Aita Bartolome, Lizarraga, Zabala, Iztueta, Iturriaga etab. Datu kurios gisa, Fernando Amezketarra jaio zenean Monhok 15 urte zituen.

Iparraldean, berriz, Salvat Monhoren ondotik etorri ziren, Pierre Topet Etxahun (1786-1862), Agustin Txaho (1810-1858), Duvoisin kapitaina (1810-1890), Elizanburu (1828-1891) etab.

* Olgetan-benetan, ganoraz

** Aurten berrehun urte, beraz, zendu zela.

*** Alea erosi nuen Baionako Euskal Museoan, orain dela berrogeitaka urte.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna: