Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Olgetan-benetan, ganoraz

Olgetan-benetan, ganoraz

Amatiño 2021/01/29 00:15
Ez-fikziozko euskal libururik salduenen zerrenda batean hirugarren (1) agertu da “Sed quia sua” (2) saiakera (Erein, 2020). Egilearen logika/egia binomioa ezarriz gero, nekez litzateke egia honelako liburua salduenetakoa izatea. Eta, egia baldin bada, logikaz, aitortu beharko ez-fikzio gutxi irakurri ohi dela euskaraz edo… zer irakurri gutxi dagoela. Hala ere, logika guztien gainetik eta egia guztien azpitik, kristoren saioa. Tarteka-marteka baino argitaratzen ez diren horietakoa.
Olgetan-benetan, ganoraz

Azala (5)

Iñaki Segurolak badaki ez dena erraz irakurtzeko liburua. Gogoan du eraz eta moldez (3) eredutzat izan duen Oteizaren “Quousque Tandem” (1963) saiakera oso jende gutxik irakurri zuela (4), nahiz engaiamendu-garaian argitaratu eta, gainera, gaztelaniaz. Badaki 300 orrialde idatzi beharrean heren bat idatzi izan balu, gehiago irakurriko litzatekeena. Baina liburuan ez da sumatzen amore-emate keinu izpirik edo komunikazio-zantzurik txikerrenaren aztarrenik  eta, areago, jakina, “ñañojakintza euskaljator merkezurrearenganako” abegi ziztrinik.

Egilea seguruantza da bere buruaz. Bere azpeitiar tradizioaz, hautatu ikasketetan asmatu izanaz eta azken hogeita hamar urteotan eguneroko lanbideak irakatsi dionaz. Bizitza guztia darama euskarari adi eta, oraingo honetan, belarria beren-beregi jarri dio, erantzun zain, sumillerrak usain-bila sudurra ipini ohi duen antzera.

Segurolaren belarria ez da, ordea, fonoteka hutsa; zer gerta ere, Turingen adimen-testa gaindituko luke. Ez zaio berezko irizpiderik eta irudimenik falta, hitz eta adiera berriak antzemateko eta eraldatzeko gauza da; baita, aukeran, filologiaz, filosofiaz, ideologiaz edo fisika (eta mekanika!) kuantikoaz baliatzeko gai ere. Jokalari trebea da, ezbaikari aspergaitza, adarjotzaile asmotsua, mito-maiseatzailea, sasiakrobata-salatzailea eta alegiazko aldare-ukatzailea, ironiaz, zirikaz eta xarmaz. Gaiaren idorrean, entretenigarria. Olgetan-benetan (6), beti ere ganoraz jantzia.

Hain zuzen, serio jartzen denean (7), Iñakik badaki irazki handirik gabeko aitortza zintzoak egiten: “Liburu hau dateke halaber autolaguntzakoa; hain auto, non neure buruari laguntzeko egongo dudan (horretarako ere egingo duda, hobeki). Lagundu behar diot neure buruari ohartzen zergatik ezin dudan bat egin ezerekin edo sinetsi ezertan: ez inolako gauza, ideia, alderdi, aldeoso, banderarekin edo –tan.” Arestiren denboretatik ez dut nik gogoratzen hain amain-emote nasairik.

Nago, hirugarren partea irakurtzeak mesede besterik ez lekarkiokeela lanbidez idazten duen edonori. “Entzun Azkue” diotsa belarriari, eta entzun Axularri, Lazarragari eta Lardizabali, Hiriart Urrutiri eta Juan Mateo Zabalari, Agirre Asteasukoari eta Ondarroakoari, Etxeberri Sarakoari eta Ziburukoari; eta, orobat, Arrese Beitia, Uztapide, Leizarraga, Etxahun, Monho, Toribio Etxebarria eta abarri. IdPot  (8) gutxi eta belarri ona behar, nonbait.

Edozelan ere, liburua ez da, gero, irakurterraza. Auskalo,  jakinduria baino, ez ote duen zaletasun-puntturik eskatzen. Fikzioz elika denak nekez gaindituko ditu lehen lau hitzaurreñoak. Hizkuntzatik hiztegira, zinbili-zanbuluan, olgetan-benetan, aritzea gustuko duenarentzat, berriz, apropos-aproposa.

Tentuz (9) hartu besterik ez dago, arrapaladarik gabe, umorez; saltoka irakur daiteke, zatika, ezpalka, anarko samar, inoren eta ezeren peko morrontzarik gabe. Begiek ez dute-eta belarriaren ordenarik jarraitu beharrik. Areago inoren belarriarenik.

---ooOoo---

(1) Zerrenda horretan, aurrena da "Xabier Lete. Ni naiz. Antologia". Funtsean, ezin esan liburua denik, CD bi eta kanta-letra bilduma baizik. Bigarrena, berriz, "Etxeko landareak" (Jakoba Errekondo, 2020), etxe-barruko eta inguruko landare-liburua. Berriketa gabeko liburu guztiz gomendagarria, 

(2) Nemo patriam quia magna est amat, sed quia sua. Inork ez du bere aberria maite handia delako, berea delako baino.

(3) Molde zaharra, ezin bestean, ia 60 urte zahar.

(4) Hala ere, barrena zazpi argitaraldi izan ditu lau hamarkadatan. Azkena 2009an. Nekez ondu ahal izateko moduko marka.

(5) Zazpi argitaraldietatik seitan-edo, bertsolariak agertu ziren azalean. Oteiza erdaldunak bertsolariak (euskal estilo edo estetika) laudatu zituen. Segurola euskaldunak ez, ordea, “BECtsolariak” bederen.

(6) “Olgetan-benetan ta ezarian-baiarian on andia egin lekioe erriari” Azkue, 1925.

(7) Hainbat atal gogotik dira serioak, “Eguneroko ogia: etimologia” delako ezpala, esaterako, batño hautatzekotan.

(8) Ideia potoloak

(9) Hona, ez(h)ustean irakurtzeari ez ekiteko-edo, lagungarri izan daitezkeen abiapuntu bi:

"Jada ez gara gai hizkuntza bizi bat transmititzeko"

"Euskarari entzuteko saiakera"

Markos Zapiain
Markos Zapiain dio:
2021/01/30 12:07
Eskerrik asko gomendioagatik, Amatiño, orain bertan erosiko dut.

Duda bat, bide batez: zergatik idatzi duzu "usain-bila", marratxoarekin?

Beldur naiz ez ote dagoen ulertu ez dudan edo ihes egin didan arauren bat.

Fernando Rey itzultzaile aparta da, eta fidagarria.

Zergatik ordea "gerra-urte" eta "gerra garai"? "Ardo-botila" eta "mendeku gose"?

"Ile-xerlo" eta "ke hodei"?

Giltza bilatzen lagunduko didazulakoan, mila esker ostera ere.
Amatiño
Amatiño dio:
2021/01/30 18:20
Barkatu. Hanka-sartzea besterik ez da. Ni jartzearen zale naiz, baina jarri behar denean, ez jartze aldera. Eta hor, sobera ez ezik, oker dago. Eskerrik asko.
Markos Zapiain
Markos Zapiain dio:
2021/01/31 14:31
Beraz, zuk gerra-garai, mendeku-gose eta ke-hodei idatziko zenuke. Konforme.
Oier G
Oier G dio:
2021/01/31 19:49
Jakingozu igual, baiña Segurola eta bere konpliziak radixo programa bat dake Azpeittiko "Kontrako Eztarrixe" radixuan. Hamen entzun leikez: https://www.arrosasarea.eus/[…]/
Amatiño
Amatiño dio:
2021/02/01 17:56
Ez naekixan. Eskerrik asko.
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna: