Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Pirata besomotzak eta lamia tentagarriak

Pirata besomotzak eta lamia tentagarriak

Amatiño 2024/10/08 10:15
Debatik Donostiaraino, itsasbazterreko mendizidorretan zehar, goiz batez bizikletaz egin daitekeen ibilaldirik politenetakoa dago: Deba-Itziar-Elorriaga-Sakoneta-Zumaia-Askizu-Garate-Zarautz-Talaimendi-Orio-Igeldo-Donostia. Leku politagorik izango da segurutik munduan, baina ez, gero, larregirik.

Noizbaiteko Santiago Bidea omen (1). Guztira 47 km. (2) baino ez. Eta, erdibidean-edo, Debatik 20 km. ingurura, Zarautz eta Orio artean, Talaimendi barrenean, Mollarriko hondartza erdi ezkutua, mareagora eta mareabehera, egunero birritan ostendu eta berriki agertzen dena. Mollarriko hondartza majikoak laburbiltzen ditu mutiko koskorretako sasi-arriskuak eta ustezko ametsetak.

1958-62 urteetan euskal kontrabandoa aski normala zen Mollarrin (3) eta neskatila frantsesak liliak bezain ugari. Kontrabandistek ez ziguten batere jaramonik egiten eta liliek ez guk nahi bezainbat. Baina alderdi liluragari hartan guk asmatutako pirata-kontuek (4) eta amets genituen amodio-istorioek ez zuten akaburik izaten.

Dena ez zen, ordea, asmatze eta ameste hutsa. Nik guardia zibilak atxilotua ikusi nuen lehen gizonezkoa, aurretik nuen ezagun. Baita biluzik ikusi nuen aurreneko “umea” (5) ere.

Ia zazpi hamarkada geroago, zenbait gauza ez dira batere erraz ahazten. Zer esanik ez Mollarri bertaraino joanez gero.

---ooOoo---

1) Omen diot, tradizioak horrela aditzera eman arren, Elena Barrena historiagileak ez baitu kostako bidea segurutzat jotzen. Eibartarrak ez dio egia ez denik, inon ez dagoela ganoraz dokumentatua baizik.

2) Buelta, trenez.

3) Mineral-garraiotarako azpiegitura zaharraz baliatuz.

4) Peter Pam filma 1953koa zen.

5) Iparragirreren zentzuan: “Ume eder bat ikusi nuen…

Mollarriko biltegia
Mollarriko biltegia, 1905 urtean eraikia. Andatzarrateko meatzetatik itsasbazterrera kablez esekitako orgetan heltzen zen burdin-mea, gero barreneko haitzetaraino jaisteko. 1923 arte lanean aritu zen.

.

Mollarri Oriotik
Orio aldeko ikuspegia. Barrenean Getaria eta, aurrean, Mollarriko haitzak, non kokatzen zen mea, gero itsasontzietan kargatu eta garraiatzeko.

Mollarriko hondartza
Itsasgora eta itsasbehera, Mollarrin egunero, birritan, sortzen den hondartza majikoa.
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna: