Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Pio Barojaren Euskal Herria

Pio Barojaren Euskal Herria

Amatiño 2022/12/09 09:00
Inuzente Egunean beteko dira 150 urte Pio Baroja jaio zela Donostian, nahiz, gero, “donostiarregia” ez izan. Ez da kritika maltzurra, berak aitortua baizik: “soy guipuzcoano y donostiarra; lo primero me gusta, lo segundo menos”. Areago: “no siento gran entusiasmo por San Sebastián” (El País Vasco, 1953).
Pio Barojaren Euskal Herria

"El País Vasco", 1953 - Dantzariak Loiolan

“Guías de España” (Ediciones Destino, Barcelona) sortaren barruan, Pio Baroja nobelagileak idatzitako El País Vasco gida-liburuak 500 orrialde ditu. Hartara, egungo irizpideen arabera, gida arrunta baino dezente gehiago. Ez, behintzat, etxetik kanpora sakelean eramateko moduko eskuliburua. Zortzi-bederatzi urte nituen nik gure ama zenak erosi zuenean eta, geroztik, beti izan dut, plazer handiz, nirekin.

Pio Barojaren Donostiarekiko gutxiespena gaztetandikoa zen. Portu-barreneko Aquariumera lehen aldiz joan zeneko anekdota irakurri besterik ez dago: “Peses, no tenemos”, esan omen zien sarrerako mikeleteak. Eta latza, gero, turismoari egindako kritika: “Allí donde los donostiarras, en colaboración con los madrileños, ponen la mano, se levanta una cosa vulgar”.

Lagin bi baino ez dira, nabarmen luzea baita ironia handiz Don Piok Donostiari egindako kritika-errosarioa. Zenbait zertzelada benetan mortalak dira, zeharo mingarriak. Hainbatek esan izan du ez dela Donostiari egindako kritika, ñoñostiarrismoari baizik. Baina, ba al daki inork arraia gorria non ote dagoen?

Dena dela, ez dezala inork pentsa nire iruzkin hau eibartarren gaiztakeria bat gehiago denik, eibartarrok ere ezer gutxi zor diogu-eta Barojak utzitako gidari. Atera kontuak, 500 orrialdeko liburuan, honako lerro xume hau baino ez dio gure herriari eskaintzen, Deba arroaz ari delarik: “Después de Eibar, con sus fábricas de armas, bicicletas, etc. que ni siquiera dejan sitio para los campos, se entra en la provincia de Vizcaya”. Eta kitto. Hor amaitzen da gure Eibar. Bistan da, Barojak Euskal Herriaz zuen ideiak larreak eta soroak lehenesten zituela. Baita Eibarren ere.

Jakinekoa da XVI. mendeko Garibay, XX.eko Baroja baino modernoagoa izan zela industria-kontuetan. Idazlea luzaro bizi izan zen Madrilen eta Euskal Herriaz zeukan gomuta gehiago zegokion karlista petoren bati, nolabaiteko liberalari baino. Don Piok islatutako euskal mundua hurrago zegoen baserritar, marinel eta kontrabandistengandik, olagizonengandik baino. Beste Baroja batek –Julio Caro Baroja iloba—etorri behar izan zuen hartaz jabetzeko.

Hala ere, aitortu behar zaio Baroja osabari Euskal Herri osoko gida-liburua egin izana 1953an. Gerra amaitu eta 14 urtera, frankismoaren unerik latzenetan, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoarekin batera, Nafarroa biltzeaz gainera, Iparraldea ere gogoan hartzea, gaur egun nekez uler daitekeen “miraria” da. Honek esangura du, besteak beste, Amadeo Marco Ilintxeta arte, euskal lurraldeen arteko banaketa ez zela izan UPNren sorreratik aurrera bezain zorrotza.

Dantzari eibartarrak
Liburuan aipatzen ez den arren, itxura guztien arabera, dantza-taldea Eibarkoa zen. Hiru neskatilak, ezkerretik eskuinera, Mariasun Lekona, Itziar Barruetabeña eta Arantza Larrañaga, orain 70 urte. Mutikoak eta txistulariak talde berekoak, antza, baina nik ez ditut gogoan.
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna: