Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Osasuna, konpromisoa eta gertutasuna, enpresak luzaro iraun dezan hirusta

Osasuna, konpromisoa eta gertutasuna, enpresak luzaro iraun dezan hirusta

Amatiño 2024/10/25 10:00
Eibarko Zubiaurrenekoak “akabatzaileak” (1) ziren XX. mendearen hasieran. Hau da, metalezko piezei azala garbitzea eta leuntzea lanbidetzat zuten behargin artisauak. Inoren piezak findu eta akabatu behar izaten zituzten, inork egindako zepilo metalikoez.

Domingo Zubiaurrek urteak zeramatzan gogoeta bikoitzaz. Batetik, ez ote zen behingoz garaia berak bere zepiloak egitekoa, Alemanian erosten jarraitu beharrean; eta, bestetik, ez ote zen ordua ere, berak egindako zepiloak akabatzaile gazteagoei saltzeko, berak behin eta berriz akabatzen jardun beharrean. Ez zen gogoeta hutsa izan. 1924 urtean bere zepiloak egiteari ekin zion estreinako, baita hainbat salgai jarri ere.

Geroztik, ehun urte joan dira, eta Zubiaurre enpresak 70 langile ditu, bost kontinenteetako 65 herrialdetan saltzen du, ekoizpenaren %70 nazioarteko merkatuetan, %50 Estatu Batuetan. Eskuila metaliko eta gainazaleen tratamenduen sektorearen erreferentziarik ezagunenetakoa da gaur egun.

Ehun urteotan munduak jirabira ugari eman du, eta nazioarteko merkatua zeharo aldatu da. Espainiako gerra zibila lehenik, Bigarren Mundu Gerra gero, diktadura, autarkia frankista, denetariko krisiak, Europar Batasunaren erronka, nazioartekotza, teknologien berrikuntza, dibertsifikazio anitza, bezeroekiko nahiera-zerbitzua… Aldaketarik ez da falta izan, une latzik ere ez, baina Domingo Zubiaurreren ondorengoek aurrera jarraitu baino ez dute egin.

Ehun urte geroago, globalizazioaren aje guztien gainetik, JAZ-Zubiaurrek senitarteko enpresa izaten jarraitzen du, eta beste hainbat familiatan ezinezko gertatu arren, laugarren belaunaldiaren atarian dago. Ez du Eibartik atera beharrik izan lantegia neurriz egokitzeko, bere arloko deiturarik nagusienetakoa bihurtzeko, eta Estatu Batuetan lehen kanpoko marka izatera heltzeko. Halaber, nahiz oinarriz produktu “heldua” izan, teknologiarik berritzaileenak ezartzen jakin izan du eta, sektorez kanpokoentzat artikulu dibertsifikatuegia ez dirudien arren, 3000 erreferentziako katalogoa eskaintzen du. Beti ere, bezeroen fideltasuna segurtatzen, gertuko estrategiaren balio eta dohainak sustatuz.

Domingo Zubiaurre sortzailearen ildotik, Jabier Zubiaurre (1932-2011) semeari egokitu zitzaion, Ullastresen 1957ko krisiaren ondotik, merkatu berri bila atera beharra, enpresaren hazkundeari ekin eta, aldi berean, lankide berriez inguratu eta ekipamendu modernoak indarrean jartzea. Hau da, artisautzatik industrializaziorako hil-ala-biziko jauzi historikoa egitea (2).

Hogeigarren mendearen amaieran, berriz, 1990etik aurrera, Eduardo Zubiaurre (3) bilobak burutu behar izan zuen estrategia komertzial berria, nazioarteko merkatuetara gehiago zabaldu eta, 1999an, Estatu Batuetan, JAZ USA filialaren sorrera eta bulkada suspertu.

Ehun urtean zehar, seguru gero JAZ-Zubiaurrek bete behar izan dituela, zintzo eta zehatz asko, egungo edozein enpresak, aurrera egingo badu, gogoan hartu beharreko gaitasunak, prestakuntza, inbertsioa, teknologia, berrikuntza, nazioartekotza, lehiakortasuna, kudeaketa, zerbitzua eta beste hainbat, kasu. Baina zein da, ordea, ehun urtera heldu ahal izateko maratila? Bestelakorik ukatzeke, Eduardo Zubiaurrek berak hiru gako estrategiko ditu azpimarratzen: osasuna, konpromisoa eta gertutasuna.

-- Osasuna ez dago merkatuan, baina landu egin daiteke. Enpresen osasuna ere, pertsonena bezala, zaildu egin behar da. Pertsonak ez dira zahartzarora iristen ezustean, urtez urte zaindu beharraren beharrez baizik. Enpresaren osasuna (diziplina, zorroztasuna, larregikeriarik eza…) estrategikoa da bide luzea urratu nahi baldin bada.

-- Osasuna bezalaxe, konpromisoa ere ez da lantzean behingo kontua. Konpromisoa jarrera finkoa da, etenik gabeko jokabidea, elkarrekin lan egiten dutenen gaitasuna, funtsezko helburuetan bat etortzeko atxikimendua eta jarraibidea.

-- Eta gertutasuna, berriz, kanporako zein barrurako, bezeroekiko nahiz langileekiko, beti ere inguruko gizartea gogoan izanik, akziodunak ahazteke.

1) Eibarraldean mendetan guztiz ohikoa izan zen ofizioa.

2) Euskaltzaindiak 1959an Eibarren antolatu zuen Euskalzaleen Biltzarrean, Jabier Zubiaurrek aurkeztu zuen “Mogel eta burdingintza” txostena, non azaltzen zen burdinaren historian zeharreko erabilpena, euskal oletako langintza eta Mogelen garaiko teknologia. 27 urte zituen.

3) Herramex Elkartearen eta Adegi zein Confebask erakundeen lehendakari izana.

enpresabidea

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna: