Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Nondik dator “kana”?

Nondik dator “kana”?

Amatiño 2012/10/30 12:00
Mutikotan, nire sasoiko eibartarrok arrunt asko erabili izaten genituen, futbolean jolasean, “kornerra”, “orsaixa” eta “kana” moduko hitzak. Jakinekoak dira aurrenengo adiera bien jatorriak; inork ez daki, ostera, non arraiotatik datorren “kana”.
Nondik dator “kana”?

Kana

Ezaguna ere bada, duela ehun urte futbol–terminologia ez zela Euskal Herrira gaztelaniaren bitartez etorri, zuzen-zuzenean ingelestik baino. Gure aita zenaren belaunaldiak normaltasun osoz esan ohi zuen foballa (football), erreferia (referee), penaltixa (penalty), kiperra (goalkeeper), baka (back), kornerra (corner), orsaixa (offside) eta kana (?).

Ingelesaren eragin hau ez da inondik ere harrigarria. Kantauri itsasbazterreko Athletic, Racing, Sporting, Touring eta honelako taldeen izenak gogoan hartu besterik ez dago. Eragin berberetatik datoz alirona (all iron),  erroberak (rovers), porlana (portland) eta esmita (smith) hitzak, eta guztietan dakigu, zehatz mehatz, adieren jatorria, kana delakoaren kasu bakarrean izan ezik. Izan ere, nondik dator kana?

Kana zer den (edo zen), zeri esaten genion alegia, badakigu, noski. Kana, kornerra ez zena zen. Hau da, kornerra jokalariek baloia jo eta euren atealdeko marratik kanpora irtetzen zenean zen, eta da. Kana, ostera, aurkariek jota irtetzen zenean.

Behin baloia zelaitik irtenda, kornerra ateratzen da ertzetik. Kana, aldiz, ate aurretik. Gaur egun, kornerrari esaten zaio euskaraz, oraindik ere, kornerra; ingelesez “corner kick” eta, gaztelaniaz, “saque de esquina”. Kanari, berriz, “ateko sakea”, euskaraz; “goal kick”, ingelesez; eta “saque de puerta”, gaztelaniaz. Baina, nondik dator orduan kan hitza?

Bai, guztiok dakigu zer den "can" ingelesez (to be able/ahal izan) eta,  hainbat adieratan sakonduez gero, kaiola, espetxe, pote, ontzi, ipurdi eta atze (?). Kontua da, baina, inork ez duela adiera horietako bat bera ere futbolarekin lotzen. Ezta "atze" hipotetiko horrekin ere.

Lan-kontuengatik ingelesen batekin topo egiten dudan bakoitzean, galdera berbera egin ohi diot  --azkena joan zen astean--, baina sekula ez dit inork argitasunik eman ahal izan --ezta oraingoan ere--. Eta han-hemenka aurkitu daitezkeen futbol-hiztegietan ez dago  batere aztarrenik.

Nondik dator, bada, kana?

asier
asier dio:
2012/10/30 13:09
Ba, nik neuk idearik bez. Baina, zeozer botatziarren, "can:pote" bikotiakin lotuko neuke. Euskal Herrixan be ezagutzen dogu "potian potian", eta inglesez be badago antzerako jokua, "kick the can" (http://en.wikipedia.org/wiki/Kick_the_can). Jokuan hasieria badakigu zein dan: pote bati ostikadia jo eta potia (edo beste edozer gauza, baloia barne) ahalik eta urriñen bota.

Tira, zeozer esatiarren ;-)
Amatiño
Amatiño dio:
2012/10/30 16:38
"Jokaldi" hoberik iñork eitten ez daben bittartian, ezin esan behintzat hiria politta ez danik...
Eneko
Eneko dio:
2012/10/31 08:52
Ez dakit "kan" nondik datorren, jakingura daukat. Agian arrazoia Asierrek?
Kuadrilan beti erabili izan dugu, normalean gazteleraz hitz egiten. Ohiko eztabaida lagun arteko partida batean: ¿Ha sido corner o can? eta segidan ixa mutur-joka hasi :-)
Eibar inguruan erabiltzen da bakarrik, ezta?
Zerrendan gehitzeko edo,"espikerra": foballa irratian edo telebistan kontatzen duena. Orokorragoa da azken hau, baina guk normalean foballarekin lotzen genuen.
Beno, ea norbaiten dakien nondik datorren "kan" hori!
Asier Sarasua
Asier Sarasua dio:
2012/10/31 14:47
"can", inglesez, "ipurdi edo atzia" bada, hortik be etorri leike, jakiña. "Atzeko sakia". Baiña nere lehenengo teorixia askoz polittagua da, ez esan ezetzik! ;-)
Agian
Agian dio:
2012/10/31 16:21
Eta zergatik izan behar du ingelesez. Sakea atetik ateratzen da eta etxeko atean lotuta zer dago? Can, txakurra.
aintzane
aintzane dio:
2012/10/31 21:25
Eztakit zuzen nabilen, baina "can cerbero"-kin zerikusixa euki leike? Atezainari "cancerbero" deitzen jako infernua zaintzen zeban mitologiako txakur horren omenez, eta hortik ateko sakiari "kana" deitzia?
Amatiño
Amatiño dio:
2012/11/01 01:11
Longman hiztegiak (ingeles-ingeles) hogeitaka adiera dakartza canen gainean. Eta azkenetarikoak, hain zuzen, zera dio: "in the can: ready for showing to the public". Alegia, jendaurrean azaltzeko gertu. Hau da, jokoari berriro ekiteko prest? Arazoa da, ordea, ingelesek ez diotela futbol-jokoarekiko balio semantikorik ezartzen. Eta, horretara, egungo ingelesek ez badiote esangura zehatzik leporatzen... nola arraio sumatuko dugu dagokion esangura ingelesez ez dakigunok?
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna: