Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Ni Kaiku naiz, ni bai behintzat

Ni Kaiku naiz, ni bai behintzat

Amatiño 2010/02/11 00:30
Ni Kaiku naiz, bai. Ni neu, bai behintzat. Eta "kaiku" hitzak beste hainbat esangura duenaren aitzakiaz Kaikuren iragarki gardena ulertzen ez duena, segurutik hiztegiaren bidezidor estu-mestuan ari da, ez bederen marketinaren bidean, ez iragarki-konplizitateari zor zaizkion lizentzien larrainean eta ez –inondik ere ez gero-- euskarari haizea eta arnasa eskaini beharreko galaxian.

Ez nuen eztabaida gogaikarri honetan sartu nahi, are gutxiago beronen aztarrenik eibar.org honetan ikusi ez dudanez, baina Leire Narbaizak oraintsu aipatu berri duenez gero, ezin izango dut isilik egon. Horra: benetan lotsagarri deritzat Ni Kaiku naiz kanpainia dela-eta euskaltzaletasunaren izenean Kaiku enpresari egin zaion kritika latzari. Esan dezadan argi eta garbi: ene ustez kanpainiaren hasierako izenburua ondo zegoen, jaso dituen kritikak zorrotzegiak dira, eta Kaiku enpresak guzti honetan egin duen hankasartze bakarra hainbati jaramon egin eta, bakearen izenean, amore ematea baino ez da izan. Ez dut esango Ni Kaikukoa naiz txarto dagoenik, baina benetan uste dut Ni Kaiku naiz egokiagoa dela, indartsuagoa izateaz gainera jatorragoa dela eta kanpainiaren diseinatzaileek ez dutela zertaz lotsatu, alderantziz baizik.

Hain zuzen, orain hiru urte luze, 2006ko azaroaren 20an, Ni naiz Euskaltel izenburupeko artikulua idatzi nuen eta inork, inork gero, ez zidan esan gaizki zegoenik, euskaraz horrela ez denik, edota erdaraz asmatutako sasi-itzulpena zenik. Hainbat harritu zen Euskaltel telefono-enpresaren aldeko hain konpromiso itsuaz, baita eztabaidatu eta kontrakorik argudiatu ere, baina inork ez zidan esan ulertu ez zidanik, hura euskara gaiztoa zenik edota euskararen kaltetan ari nintzenik.

Zenbaitek esango du ez direla berdinak Ni naiz Euskaltel (edo ni Euskaltel naiz) eta Ni Kaiku naiz. Hau da, Euskaltel izenak ez duela bigarren edo hirugarren esangurarik eta Kaikuk, ordea, bai. Baina horrek ez du batere zer ikusirik esaldiaren jatortasunarekin, hizkuntza-zuzentasunarekin edo arau-betekizunekin, ulertu nahi ezarekin baino. Ez omen dago itsu larriagorik ikusi nahi ez duena baino, eta hemen ere ikusi nahi izan ez duen askotxo suertatu da, horrelako kanpainia bat egun batetik bestera, ziztu bizian eta ezustean prestatuko balitz bezala. Arinkeria dezente eta erantzukizun gutxi sumatu dut nik oraingo honetan, ez baitut uste zilegi denik bere publizitate-kanpainia ganora handiz prestatu duen lan-taldeari horrelako astindurik ematea.  Kritika egitea ondo dago, iseka egitea ez. Hor ere pertsonak daude, profesionalak, euren ofizioaren jabe direnak, zertan ari diren dakitenak.

ni kaiku naiz

 

Nik ez dut uste zentzu berekoak direnik iragarki idatzietarako geratu den Ni Kaiku naiz eta irrati-telebistarako hobe beharrez "zuzendu" den Ni Kaikukoa naiz. Adibide xumea jartzekotan, hainbat kazetari beteranoren artean egindako azken afarian zehar sortutako galdera: "Aralar alderdikoren bat elkarrizketatzekotan nork emango ote luke joko gehiago, Ezenarrok ala Zabaletak?" Eta zaharrenetako baten erantzuna: "auskalo noiz eta zertarako baina… Aintzane Aralarrekoa da eta Patxi, aldiz, Aralar da". Ulertu nahi duenak ulertu dezala.

Nere hiru urte t´erdiko bilobak ere ondo bereizten ditu dagoeneko Lepoluze eta lepo luzea, Haginzorrotz eta hagin zorrotza, Buztanbeltz eta buztan beltza. Ez da gero erraz ulertzekoa nola arraio euren burua jakituntzat duten euskaltzale handi-mandiak ez diren Kaiku eta kaikua bereizteko gauza.

Duela lau urte esandako artikulua idatzi nuenean, ez nuen esangura Euskaltelekoa nintzenik –ez naiz-eta sekula izan— Euskaltel nintzena baizik, nere burua Euskalteltzat jotzen nuela alegia. Eta, hiru urte gero, ni ez naiz Kaikukoa, Kaiku baino, Kaikutzat sentitzen baitut nere burua, Kaiku esnea eta yogurra egunero hartzeaz gainera, zinez defenditu beharreko ekimentzat dudalako Kaiku enpresa bera, euskal telefonia defenditu behar dudala uste dudan bezalaxe.

Eta "kaiku" hitzak beste hainbat esangura duenaren aitzakiaz Kaikuren iragarki gardena ulertzen ez duena, segurutik hiztegiaren bidezidor estu-mestuan ari da, ez behintzat marketinaren bidean, ez iragarki-konplizitateari zor zaizkion lizentzien larrainean eta ez  –inondik ere ez gero-- euskarari haizea eta arnasa eskaini beharreko galaxian.

haritz rodriguez
haritz rodriguez dio:
2010/02/17 14:23

Aupa Sestaotarra, Eskerrik asko azalpenagatik. Antza denez, kontu horretan, guztiz erratuta nengoen! Komentzituta nengoen Sestaoko trainerua Kaiku enpresak patrozinatzen zuela... Argi dago hanka sartu dudala horretan behintzat! Edozein kasutan, kirol taldeko kide izatearen zantuzak hartzen jarraitzen diot "Ni Kaikukoa naiz" leloari...

haritz rodriguez
haritz rodriguez dio:
2010/02/12 03:25

Nire ustez bada beste aldagai bat kanpaina honi positiboki eragin diona.

Ez naiz ni ere sartuko sakonean aztertzera Kaikuren leloaren egokitasuna ala egokitasun eza. Edozein kasutan, leloari bakarrik erreparatuta, nik azkenean hautatu dutenaren alde egingo nuke hasieratik, "Ni Kaikukoa naiz", alegia.

Sustatun azaldu nuen bere garaian zergatik: Besteak beste, kirol talde baten jarraitzaile denaren zantzua hartzen diodalako esaldiari, eta hain zuzen ere, Kaikuk traineru bat patrozinatzen duelako.

Ez nago guztiz ados aurreko iruzkinean "Nick"ek dioenarekin. Baliteke batzuetan hobe izatea produktu bati buruz gaizki hitz egitea, hitzik ez egitea baino. Baina ez beti. Soilik horrek nolabaiteko ondorioa badu. Ondorio hori ez da erraz kontrolagarria, ordea. Baina kasu honetan, ondorio bat baino gehiago izan dira.

Esan bezala, uste dut Kaiku polemika honekin guztiarekin irabazten atera dela, eta saiatuko naiz azaltzen zergatik.

Batetik, kontsumitzaileen edo gutxienez euskarazko iragarki horrek duen xede-taldearen zati handi baten aurrean Kaikuk erakutsi du entzuten dakiela, eta baita entzundakoaren arabera erreakzionatzen ere (erdizka besterik ez bada).Nire begietara, arrazoi horrexegatik berberagatik beren irudia positiboki indartua irten da azkenean.

Bada beste faktore bat ere. Kontrako iritzi eta jarrerak azaltzen direnean, maiz aldekoak ere agertzen dira. Amatiño, testuinguru honetan, zure kasua oso argia da. Halako batean, kritika zaparradaren ostean, bere inguruko iritzian eragiteko gaitasuna duen pertsona erreferentzial bat irten da Kaikuren defentsan. Ez hori bakarrik, "anonimoagoak" edo diren zenbait ere agertu dira han eta hemen egin diren iruzkinetan (Zuzeun, Sustatu, Blogetan...) Kaikuren alde. Eta, seguru aski, hasiera batean kritika gogorrak egin dituztenen iritziak apur bat apaltzea ere lortu dute. Lehenago aipatu dudan faktorearekin gertatu den bezala.

Hori, dudarik gabe, marketin ekintza brutala da, inpaktoa hamaika bider indartsuagoa da. Besteak beste, iruzkinak egiteko "beharra" sentitu duten pertsonak balizko kontsumitzaile zuzenak direlako.

Orokorrean, esan bezala, irabazten atera direla esango nuke.

Beraz, ni Kaikuren kanpainaren diseinatzailea izan banintz, seguru aski erabaki okerra hartuko nukeen. Hobe zatekeen "Ni Kaiku naiz" hautatzea.

Hala ere, aldez aurretik erreakzioa aurrikustea zaila izan ohi da, eta uste dut suerte kontua izan dela Kaikurena planifikazioaren ondorio baino gehiago.

Kritika bat bai egingo nieke, baina usteen araberakoa da. Uste baitut, kanpaina hau erderaz pentsatua izan zela, eta gero euskaratze (oker ala egokia) egin dutela.

Orain artean kanpaina grafikoa besterik ez nuen ikusi. Jakin izan dut irratietan euskaraz mezua aldatu dutela. Eta baita telebistako lokuzioetan ere. Baina gaur ditxosozko anuntzioa ikusi dudanean, bere garaian Fagorrek egindako Pirolisiaren kanpainaren akats berbera ikusi diot. Telebistako iragarkia gaztelaniaz izan da grabatua, eta gero euskaraz bikoiztu dute, Euskaltelek "Onlain nago"rekin egin duen bezala.

Pirolisiaren inguruko artikulua idatzi nuenean, Publis enpresakoek deitu zidaten, artikuluaren berri izateko. Ia eskertu ere egin zidaten, eta azaldu behar izan nien kritika bat zela, eta ez nituela oso ongi uzten. Une horretan nire solaskide izan zenak gazteleraz egin zidan, eta artikulua euskaraz zegoen idatzia. Horregatik ote?

Galdera:

Hain zaila (eta garestia) al da euskaraz (ere) dakiten aktoreak kontratatzea? Telebistako iragarkiak aktore berberarekin euskaraz eta gaztelaniaz grabatzea, bikoizketaren beharrik gabe, story-board berdinaren gainean? Markaren hobebeharrez diot, niri bederen sinesgarriagoak egingo litzaizkidake-eta, zalantza izpirik gabe.

Portzierto, behinola zera aldarrikatu nuen blogean (askoz gehiago elikatzen nuen garai hartan...): "Ergela naiz eta harro nago!". ;)

Sestaotarra
Sestaotarra dio:
2010/02/16 18:01

Haritz pentsatzen dot ez dozula esaten Kaikuk traineru bat patrozinatzen dabela Sestaoko arraun elkarteari Kaiku esaten dotzogulako. Aspaldidanik da hori horrela, eta ez dabe zerikusirik esne markarekin. Luis ni be ados nago zurekin, demasekoa izan da kritika ta listo asko saiatu da horri moxkina ataratzen, "ni ez naiz Kaiku, zuek baño gehixau dakit" esanez. hori ba, leloari nik be kirol taldearen santzua ateratzen naban, ta gustatzen jatazen. Ni bai, ni Kaiku naiz.

Nick
Nick dio:
2010/02/11 17:26

Ez naiz neu ere sartuko esanez iragarkia zuzena den, edo ez den, baina publizitate munduan ere esan esaten da: txarto jardun dezatela nire gainean baina jardun dezatela. Hau da, azkenian Kaiku inoiz baino gehiago ibili dela jendearen ahoetan.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna: