Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Anti-gona / Kaikuak, gudariak eta mendigoizaleak; hiru izen eta jaka bi

Kaikuak, gudariak eta mendigoizaleak; hiru izen eta jaka bi

Leire Narbaiza 2010/02/09 11:12
Kalean aspaldi ikusten ez direlako, oroigarri.

Aspaldian neukan gogoa post bat idazteko jantzi hauen gainean. Bai, bai, jantziak. Zer uste zenuten, bada, ergel deitu nahi niela gudari eta mendizaleei? Ez, horixe! Dena Kaikuren kanpaina horrengatik etorri da, eta momentu egokia izan zitekeela pentsatu dut

Hiru izen, arropa bi. Beti egon izan da nahiko nahastea izendatzean. Baina zer dira hiru izen horiek? Denok aditzeko moduan esango dut: sasoi batean txistulariek erabiltzen zituzten jakak edota jertseak.


Gudaria (edo mendigoizalea). © cc-by: Leire Narbaiza

Gaur egun oso demodé daude. Dena den, niri asko gustatzen zaizkit, beharbada umetan ez nuelako ez bata ez bestea izan. Hamasei urtean izan nintzen dantzaria (oraindik ere bihotzean dantzaria naizela esaten dut), gure poxpolin arropekin etxetik dantza egin behar genuen tokira zerbait eroan behar genuen gainetik jantzita. Taldeko askok oso kaiku politak zeuzkaten armarri, lauburu eta ponpoiekin! Nik, ostera, berokia edo jertsea jantzi behar izaten nuen! Gero, nagusiagoak egin ginean eta mutil eskasiagatik, Kaskarotak (Lapurdiko arrain-saltzaileen dantza) egitera kondenatuta geunden. Dantza horretarako arropa askoz arinagoa zen: ez galtzerdi, ez gerruntze, ez gona gorri. Berna hutsean, negu zein uda! Neguan nire hainbat taldekidek kaiku sendo eta dotorea erabiltzen zuten. Ni, beti, enbidiak jota.


Kaikuz jantzita Tafallako eguberrietan. © Tafallako Udala

Dantza taldeaz aparte, ikastetxeko nagusiak Olentzerorekin irteten ginen. Denak neskak izan arren, mutil jantzita joaten ginen: praka bakeroak edo urdinak, alkandora zuria, gudaria, koadrodun zapia saman, ardilanak eta abarkak. Oso janzkera tradizionala, horratik! Hau zergatik galdetuko duzue zuetako askok, beste sasoi bat zelako, diru gutxiago zegoelako, baita jakintza gutxiago ere. Nik ez neukan gudaririk eta lehengusu nagusiago batena erabiltzen nuen, oso zaharra eta gastatua. Hala ere, nahikotxo berotzen zuen, eta gustura erabiltzen nuen egun horretan.


Mendigoizalea (edo gudaria). © cc-by: Leire Narbaiza

Lehenago esan dut gaur egun nahiko demodé daudela jaka bi hauek. Gure ume-denboretan oso arrunta zen horrelako janzkiren bat etxean izatea. Kalean ere oihalezkoak erabiltzen zirelakoan nago, batez ere Bilbon. Edo behintzat hori da daukadan irudia: gizon bilbotar nagusia, txapel eta guzti, gudari urdina jantzita, dotore-dotore. Ez dakit, baina, zergatik laga ditugu alde batera. Euskaldunegiak direlako; baskorroegiak, alegia?

Oskorrik Datorrena datorrela diskoaren azalean atera zituen, euskal look dotorea, ironiaz betetako argazkian.

Abandonu honek beti harritu izan nau, zer geratu da bidean? Zergatik utzi ditugu armairuan sitsak jaten? Beste hainbat jantzi berreskuratu ditugu jaietarako, hauek zergatik ez?

Hiru izen eta jaka bi: oihalezkoa (koadroduna edo ez) guk beti gudari deitu izan duguna, eta puntuzkoa (urdin iluna eta gorria, ponpoiduna) kaikua. Mendigoizale, beste batzuek gudariari ematen dioten izena dela badakit. Zuenean, zelan esaten diezue? Gustuko dituzue? Zein akordu dakarkizuete? Berreskuratuko beharko genituzkeela uste duzue?

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna:
Aurkezpena

"Jantzi. Erantzi. Janzkiak, arropak, soin gainekoak. Moda, estiloa, bizitzaren zati bat. Umorez, eztenaz, xarmaz. Leire eta Elenari interesatzen zaigu. Baita zuri  ere, ala ez?"

@ElenaLaka

@txargain

Izan eta esan

Kalamuatik Txargainera