Nafarroa is different
Ohiko gutxi dago aspaldiotan Nafarroan eta, zenbat buru hainbat aburu, bi dira, besteak beste, niri jaramonarazi dizkidaten zertzeladak.
Batetik, galtzaileen nahiz irabazleen artean zein sarri azpimarratu den gobernu-buruaren abertzaletasuna, abertzaleak nagusi ez diren Nafarroan. Etsairik amorratuenak ez ezik, Uxue Barkosek berak ere sentitu du nolabaiteko kontraesan hori aitortu beharra, Don Bildur uxatze aldera edo.
Ez deritzat txarto, baina bai ordea esango, begirunez esan ere, nik ez dudala gogoratzen Patxi Lopezek, Ajuria Eneko lehendakaritzaz jabetu zenean, pareko kontraesan arriskutsurik azpimarratu zuenik, alegia: buruzagi ez abertzalea gizarte abertzalearen lehendakari.
Beste bat, dezente harritu nauena, zera izan da: euren burua objektibo samartzat duten hainbat politika-analistarengan, nafar gobernu berriaren euskara-egitasmoak sortarazi duen mesfidantza. Llabur-labur esanda, hainbatek sumatu du euskara sustatzearen aldeko jarrerak kinka larrian jartzen duela Uxue Barkosek agindutako zentzuzko oreka.
Ez dakit nik zein litzatekeen politika-analista profesional horien ustez hizkuntza-programa “zentzuzkoa eta orekatua”, baina kazetari horiei irakurri edo entzunez gero, espainiar hiritar arruntak pentsatu lezake euskara Euskal Autonomia Erkidegotik abertzaleok inportatutako produktua baino ez dela, edo, behar bada, Podemos-en hautesleak UPNrenak baino euskaldunagoak direla.
Ea ulertzen dudan. Euskal Autonomia Erkidego abertzalean, lehendakari ez abertzalea normaltzat hartu beharreko aniztasunaren adierazgarri da eta, Nafarroa ez abertzalean, aldiz, lehendakari abertzalea errezeloz hartu beharrekoa? Euskara politizatu behar ez den guztion ondarea bada Gasteizen, zergatik abertzaleena baino ez da Iruñean?
Beste horrenbeste ikusten genuen Iparraldean, Xiberuko herrialdean hain zuzen ere; hango üskaldünek, beren botoak frantses alderdiei ematen zizkietenek, mespretxuz hitz egiten zuten batuari buruz euskaldun berriak arbuiatuz.
Lerro hauek idazten dituenak ere, bereak eta bost entzun – eta irakurri – behar izan zituen 1980. hamarkadan EAJren “Euzkadi” aldizkarian batuaren aldeko jarrera plazaratzeagatik. Hura iskanbila! Batua ETAren mintzoa zela, euskalkien desagerpena nahi zela, alderdikide jatorrak bizkaieraz berba egin behar zuela… Gainera ergelkeri guzti hauek Inperioko hizkuntza ederraz dotore idatziak!
Ez dago dudarik, Herri batu bat nahiez gero beharrezkoa da mintzo batua, baina, zenbat gara Euskal Herri batua nahi dugunok?
P.S.
Lehenengo batean, “independente” hitza “Euskal Herri batua”ri eransteko dudatan izan naiz, baina, Bilderberg kluba, FMI, Trilaterala, BCE, Carnegie group, Rockfeller, Rothschild eta Henry Kissinger hilezkorraren akorduan, “independentzia” hitza traste zaharren ganbaran utzi dut mendeetako hautsak estali dezan.