Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Buenos días, noche

Buenos días, noche

amat 2005/09/12 10:07
"Buongiorno, notte" film italiarra dugu zine-karteldegietan. Brigada Gorriak talde terroristak Aldo Moro Kristau Demokraziaren buruzagia bahitu zuen 1978an, Erroman, trukean zenbait presoren askatasuna lortzeko asmotan. Baina Gobernuak (Francesco Cossiga Barne Ministroak dimititu egin zuen) eta Vatikanoak (Paulo VI) ez zuten terroristek itxarotako malgutasunik agertu eta, 55 egunen buruan, bahitua erail zuten.

Film politikoa ez da ohikoa zinemagintzan, baina lantzean behin gustura hartzen da horietako bat, beti ere onuragarri da-eta joan berri den historiaren hainbat gertakari garrantzitsu errebisatzea, besterik uste arren giroak eta egoerak zein bizkor aldatzen diren ikusteko baino ez bada ere.

Dena dela, zuzendariak ez du nahi izan gertakarien zertzelada historikoak zehatz-mehatz bildu, bahitua eta bahitzaileen arteko harreman intimista azaldu baino. Batetik, Aldo Moro, unibertsitate-irakasle eta hainbat aldiz Italiako lehen ministrari izandako kristau heldua (62 urte) eta, bestetik, lau laguneko terrorista taldea, Chiara neska gaztea (23 urte) batez ere, zein egunez liburutegian funtzionari den eta gauez, berriz, espetxe bihurtutako etxe-zuloaren zaindari.

Eguneroko errutina iraungaitza, telebistak islatzen duen gizartea (Raffaella Carrà-ren showa tarteko) eta etxebarruko arnasestuaren arteko kontraesana, ortodoxia iraultzailearen dialektika, errealitatez kanpoko errebeldia, militanterik gabeko militantzia, langilerik gabeko langile-mugimendua, herririk gabeko herrigintza... Chiarak nahi eta ezin du. Nahi du brigadista izan baina bihotzak besterik dio. Nahi du bahitua salbatu baina ametsetan baino ez du lortuko.

Filma, eraz eta moldez, arrunt xinplea da, baina elkarrizketa esanguratsuz josia, taxuz eta zentzuz. Heroi izatetik asasino izatera dagoen urrats urria... Mundua salbatzeko inor hil beharra eta "ez balute inor hilgo ez lieke inork jaramonik egingo" bezalako salaketa mortalak.

Merezi du.

etiketak: Artikuluak
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna: