Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Miren Jone Azurza, gure lehen kazetaria

Miren Jone Azurza, gure lehen kazetaria

Amatiño 2020/07/04 11:00
Elixabete Garmendiaren eskutik kalean da “Miren Jone Azurza Aristegieta. Kazetari aitzindaria” (Bidegileak, 2020) delako alea. Kazetari aitzindaria ez ezik, euskal kazetaritza modernoaren zimenduen eragile ere izan zen, inor izatekotan, 1970eko hamarkadan.

Nik sekula ezagutu dudan titulu ofizialdun lehen euskal kazetaria eta, seguru, gurean izan den lehen emakumea. Euskal kazetari-andana oso baten irakaslea. Zeruko ARGIA astekariaren zuzendaria eta, 2011an, Ohorezko Rikardo Arregi saria eskuratu zuena. Hala ere, Wikipediak ez du Miren Jone Azurzaren sarrerarik jasotzen. Ezta Zeruko ARGIArenean Azurzarik aipatu ere. Baina ez da, horratik, Miren Jone Wikipediarekin arazoak dituena. Wikipedia da bere sinesgarritasunarekin arazo latzak dituena.

Zail-zaila da, benetan, egungo kazetari gazteei hitz gutxitan azaltzea Miren Jone nor den, zer izan den eta zer egin zuen euskal kazetaritzaren onetan eta onuratan. Zer esanik ez, gogoan izanik, Elixabete Garmendiak adierazkor asko azaldu bezala, “epikari baino toki gehiago eman izan diola Miren Jonek egunerokoari”. Lan isildua, lan kementsua, lan jarraitua… ezelako batere protagonismorik gabe. Miren Joneren betidanikako izaera egungo ohiko jarreren antipodetan garatu izan da, zailtasun guztien gainetik eta zentsura guztien azpitik.

Merituz edo meriturik ezaz baino, ziurtapen hutsez, nik inoiz aitortu izan dut Miren Jone Azurzarik izan ez balitz, ni ez nintzatekeela gaur egun kazetari izango. Gaitz hutsala, ordea, horrela gertatu izan ez balitz. Zinez balio izan duena da, Miren Jone izan zela 1970. urtearen inguruan euskal kazetaritzak ezagutu zituen aldaketarik handienen ardatz eta zutoin nagusia. Eta ez, soilik, harrobirik ere ez zen garai elorritsu hartan kazetari berriak harripetatik ateratzeko gauza izan zelako, baita ere, edota areago, kazetari-ezpalik ez zutenei “ez zirela” gogorarazteko adorea izan zuelako. Eta, nago, bigarren egitekoa aurrena baino zailagoa ez ote zitzaion gertatu.

Laurogeita hamaika urte ditu dagoeneko Miren Jone Azurzak; 91 ez dira, gero, artaleak. Denetarako eman ahal izan duen bizitza luzea, batere ezpairik gabe. Baina, Miren Joneren kasuan, horren pasarte edo trantsitu luzeak ezer erakutsi baldin badigu zera izan da: duintasunaren oreka. Duintasuna, zer gerta ere bizitzari aurre egiterakoan; duintasuna, hainbat bokazio, erabaki eta norabidetan; duintasuna, lan-giroan, talde-kudeaketan zein giza-harremanetan; eta duintasuna, besteak beste, nornahi delarik, lagun hurkoarekiko begirune eta atxikimenduan.

Sekula ordenarik eman ez zuen zuzendaria

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna: