Liburuak ere badu historiarik
Gizakiaren bilakaera konplexuaren arrakasta ulertarazteko orduan, mintzaira, kultura eta maitasunaren hirusta aipatu ohi da oinarrizkotzat. Eta, segurutik, hiruek balio dute “homo sapiens” gizabanakoaren azken 200.000 urteotako biziraupena adierazteko. Baina, Irene Vallejo azpimarratzen saiatzen denez, egun ezagutzen dugun giza-zibilizazioa nekez gerta zitekeen inoiz, liburu-tramankulua sekula asmatu izan ez balitz. El infinito en un junco (Siruela, 2019) tramankulu horren loriazko historia da eta, pasaian, liburuaren oda eta ereserki.
Ikaragarria, gero, zein datu-pila eta bibliografía aberatsa. Batetik, Niloko papiro-xafletatik (zabal asko) Gutenbergen galaxiarainoko (llabur oso) hiru mila urteko abentura. Baina, beste hiru mila aurretik, alfabetoaren asmakizun geldoa. Hondarrik gabeko itsaso sakon eta ilun horretan murgiltzea, arrantzan egitea eta, kontsumitzaile arruntaren gustura, otzaratan laburbiltzea, ez da gero gau erdiko ahuntzaren eztula, nahiz dena eurozentriko samar gertatu.
Liburuaren mapa edo ibaia, zuhaitz baten adarrak bezain jori zabaltzen eta barreiatzen da orrialdeetan zehar, eta horren informazio-uholdeari aje-izpiren bat leporatzekotan, badirudi, testuari berari darion zenbait autu-mautu tarteko, egileak ekineran uste baino informazio gehiago bildu ahal izan duela eta, ezin jakin, ez ote duen denboraz mozteko besteko adorerik izan, ala ez duen, beti, non sartzen edo ezartzen egoki asmatu.
Edozein modutan, berriketabako liburua, saiakera-generoa ezohiko irakurleen artean barreiatzeko balio izan eta izango duena.