Emakumeak, omen, antzinako lehen kontariak
Emakumeen faboretan (Begoña Azpirik esango lukeenez) zabaltzen ari da sarean sei minutu inguruko bideoa, zeinetan, Espainiako egunkaririk ezagunenaren eta bigarren banketxerik handienaren babesaz, Irene Vallejok gogoeta egiten duen --liburuen eta irakurketen historiaren inguruan egindako ikerlanak tarteko-- emakumeen sekulako zantzu garrantzitsuak aurkitu dituelakoan.
Bere hitzei lotuko bagatzaizkie, “behar bada, lehen ipuin-kontariak, antzinakoenak, emakumeak izan ziren, josten ziharduten bitartean elkarri kontatutakoak ”. Irene Vallejoren iritziz begi-bistakoa da zein esteka nabarmena dagoen “testuen eta testilen artean”, oraindik orain une oro erabili ohi ditugun esaldiak lekuko; alegia, “nudo de una historia”, “desenlace de la narración”, “hilo del relato”, “bordar un discurso”, “urdir una trama” etab. Denak ere josketa eta kontakizunaren arteko loturaren adierazgarri nabariak. Ondorioz, bere hipotesia ezinbestekoa da: “que las mujeres fueron las narradoras por antonomasia de los primeros momentos de la oralidad”, emakumeek, josten ari ziren bitartean, elkarri kontatzen zioten-eta, nonbait, eurei zegozkien ipuinak, gertakariak eta emozioak. Ez dut uste bere liburuan horren ausarta denik. Gauza bat da hainbat esaldiri logikaren bat aurkitu nahi izatea eta, beste bat, hipotesi horretara heltzea.
Zalantzarik ez, gero, emakumeen lireratura-ekarpena oraintsu arte uste izan duguna baino antzinakoagoa eta garrantzitsuagoa izan dela; dudarik ez, gizonezkook zer ikusi asko (ia dena) izan dugula emakumeen ekimena eragotzi, ekidin, estali eta isilarazteko aroan; eta seguru ere, egungo neskatilei (eta mutikoei) eman behar zaiela antzina-antzinatik izan ziren emakume aditu, filosofo, idazle eta irakasleen berri. Baina, haatik, nago, asmorik onenaz izan arren ere, larregikeriak –egia ez izateaz gainera-- nekez lagun dezakeela helbururik lortzen eta bai, ordea, sinesgarritasunik oztopatzen.
Beldur-ikara apurren bat ere ematen du Filologia Klasikoan lizentziatutako intelektual sarituari ñabardurak egiten hasteak, baina, ezjakintasunaren arrisku eta guzti, ausartuko nintzateke esaten, ahozko literaturaren lehen zantzuetatik emakume jostunek elkarrekin kontu-kontari biltzeari ekin zioten arte, orduantxetik hona baino hainbat milurteko gehiago pasatu zirela.
Jose Migel Barandiaran aitalehenari –begirune handiz sekula artez arte salatu ez arren— inoiz leporatu izan zitzaion XIX. mendeko euskal baserrietako ohitura eta sinesmenez ia-ia neolitikoa ulertarazi nahi izatea. Bego, baina, erne, gure zibilizazio honetako literatura idatziaren esaldiez paleolitikoa aldarrikatzea ez ote den erronka arras makurragoa.