Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Lhers, paradisu berdea

Lhers, paradisu berdea

Amatiño 2021/08/23 09:35
Frantziar Pirinioetako Parke Natural arautua, Lhers goi-lautadako Aumet aparkalekuan hasten da. Handik gora ez dago autoz jarraitzerik, ezta bizikletaz ere. Ez gurpilik, ez kanpinik, ez surik, ez txakurrik, ez ezer. Txirrindua lotu, bazterrean utzi eta oinez gora. Pare bat ordu lasai, ahazten ez diren horietakoak, mundua bertan behera geratu izan balitz bezala.

Ohikoa da euskaraz entzutea Lescun (biarnesez, Lascun) aldean, Aspe haranaren bihotzean, eguteran. Inguru izugarri polita izateaz gainera, bertatik pasatu beharra dago umeekin Sancheseko zelai, potzu eta ur-jauzietara joateko. Baita, nerabetan, Ansabereko orratzen barreneko zirkuraino iristeko ere. Zer esanik ez, koskortuagotan, mendigoizale handiekin batera, Laberouateko aterpetxean zehar, Auñamendi aldera abiatzeko.Ez da, gero, urrun, Aragoi, Biarno, Nafarroa eta Zuberoa arteko muga. Edo, hobeto esan, mugarik eza.

Euskara ez da batere ohikoa (ezta espainola ere), aldiz, eguzki-gibelean, Lhersko lautadaldean, nahiz kanpin txukuna inguruan kokatu eta kanpotarrak paseatzeko etengabeko bidezidorrak bertatik bertara izan, han-hemenka bazkatzen ari diren behi eta zaldi taldeen artean. Laborari-giroa nagusi, ez baitira alferrik 80 artzain inguru bertan bizi udaran.

Lherseko kanpinetik (880 m.) Aumeteko aparkalekuraino (1.120 m.), hiru kilometro eta erdi luze baino ez daude, 7,5 km. joan-etorri osoa. Porlanezko bide txukuna haranean zehar eta albo batean, berriz, Labadie errekastoa, estua, meharra eta batere arriskurik gabeko latsa bizkor eta urtsua. Umeekin joan eta edozein lekutan firin-faran geratzeko modukoa, propio jarritako zurezko mahai zabaletan. Dena da berde-berdea, sekulako parke naturala, paradisua.

Baina, izatez, benetako parkea, frantziar Pirinioetako Parke Natural arautua, Aumeteko aparkalekuan hasten da. Bideak zementuz dirauen arren, handik gora ez dago autoz jarraitzerik, ezta txirrinduz ere. Ez gurpilik, ez kanpinik, ez surik, ez txakurrik, ez ezer. Tripetako estuasunik suertatuz gero, "beherakorik" egiterik ba omen dago, baina atzea garbitzen erabilitako papera motxilan gordetzeko baldintza zorrotzaz.

Txirrindua lotu, bazterrean utzi eta oinez gora, bakar-bakarrik. Pare bat ordu lasai, ahazten ez diren horietakoak, mundua bertan behera geratu izan balitz bezala.

Gorago jarraituz gero, "le sentier de la Liberté", nazien garaietan 30.000 frantsesen ihesbidea. 

Platera
Lhersko 'plater' berdea.

Lescun
Lescun, Lherstik ikusia. Erdiko mendikotea, Grand Billare (2.318 m.). Bere ostean, ezkerraldean, Hiru Erregeen Mahaia. Eta, eskuinaldetik, barrenean, Auñamendia.

Bide berdea
Hegoalderantz doan bide berdea

Lespade lautada
Lespadepeko goi-lautada. Bertatik darrai 'le chemin de la Liberté' delakoak
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna: