Letrak eta sinadurak
Hona hainbat urtez gordetako idazkien antologia txikerra. Seizazpi aukeratu ditut, beste hainbat giro eta egoeraren adierazgarri:
Eibarko Arrate Kultura Elkartearen Euskal Batzordean –ipuin-lehiaketaren bat edo tarteko-- Xalbador Garmendia saritu genuen 1966an. Irabazlea Mauleko Institution Saint-François delakoan zegoen garai hartan eta saria jasotzera etorri ezina adierazi zigun garagarrillaren (ekaina) 15ean. Garai hartan ez nuen nik Xalbador Garmendia ezagutzen. Are gutxiago berak ni. Sei urte geroago zuzentzaile (eta maisu) izan nuen Zeruko Argia astekarian.
Urte t´erdi inguru geroago, Karmelo Etxenagusiak bere Euskal Idazleen Loretegia argitaratu zuen, baita nik ale bat eskatu ere. 1968ko urtarrilaren 31an egileak berak gutuna idatzi zidan Bilbotik, alea geroxeago jasoko nuela eta prezioaren (50,00 pta.) berri emanez.
Urte berean, Anaitasuna aldizkariak nolabaiteko kanpaina eratu zuen harpidedun berriak lortzeko. Imanol Berriatuak Eibarren hartaz arduradun nendin eskatu zidan eta 1968ko zemendiaren (azaroa) 16ko gutunean hainbat kudeaketa-kontu ditu aipagai.
Hurrengo urtean, gure aita zenak eta Plazido Mujikak hainbat gutun bidali zioten elkarri. Ordurako elkar dezente ondo ezagutzen zuten, gutunez behintzat, ez baitzion alferrik eibartar enpresariak hiztegiaren argitalpena finantziatzen lagundu. Kasu honetan, berriz, Mujika ez da hiztegiaz ari, “aditz” paradigmez baizik. Apatzen den Aranberri´tar Luis hori ez naiz ni, aita baizik, semearen bisita testuan bertan zehazten denez gero. Gutuna 1969ko urtarrilaren 27koa da.
Nere semerik nagusiena, Mikeldi, 1970eko uztailean jaio zen eta garai hartan, nik eskatua nonbait, Juan San Martinek Vicentius-Viquendi-Bikendi-Mikeldi delako garapenaren hainbat erreferentzia bildu zizkidan, Mitxelena, Azkue, Orixe eta Kukulako Donemiliaga aipatuz. Hala ere, ez zuen nonbait gogoan zuena aurkitu.
Aita Piarres Lafitte euskaltzainak “eskualdun gazteri” opa izan zigun 1974an IDEK ETA ZABAL Gogo bihotzak izenburupeko kristau-hausnar bilduma eta baita neri ale bat bidali ere, eskaintza eta guztikoa.
Azkenik, dezente geroagokoa bada ere, hona Alfonso Irigoien euskaltzainaren letra-molde landuaren zein lanegiteko modu zorrotzaren adibidea. 1989ko apirilaren 1ean Txomin Peillen euskaltzain berriaren hitzaldiari Alfonso Irigoienek eman zion erantzuna. Nonbait Alpontsok hogei kopia egin zituen eta neri (kazetariari) bat bidali, hemeretzigarrena antza denez. Nik jasotako testua orijinala da eta, horretara, baita gainerako hemeretziak ere seguruen-seguruenik.