Frikiak, hipokritak eta umemokoak
Gasolio zein gasolina-kontsumoa %11-15 murrizteko asmotan, gehienezko abiadura orduko 120 kilometrotik 110era geldotzea erabaki du Espainiako Gobernuak. Berehala irauli zaio makinatxo bat kontra, alegia: erabakia hutsaren hurrengoa dela, hobe litzatekeela beste aterabide ganorazkoagorik proposatzea, hartutako erabakiak ez omen du-eta ezertarako balio.
Ez dakit nik hutsaren hurrengo erabakia den ala ez. Baina proposamen zailagoren bat egingo balitzaigu berehala erantzungo genuke gehiegi dela, hori ez dagoela pentsatzerik ere, agintariak ez direla jende arruntaren azalean sartzeko gauza eta ez dela lar sakrifiziorik eskatzeko unerik aproposena. Hau da, ahalegintxoa eskatzen bazaigu huskeria baino ez da, eta ahalegintzarra eskatuz gero, ostera, ia politikoak burutik jota ote dauden. Zer gerta ere beti dira "besteak" gurekin asmatzen ez dutenak.
Jakin ere ez dakit beste erabaki hoberik ote dagoen --ez diot inori aukera handiegirik entzun-- baina, hala ere, erabaki hoberik egon izanak ez du esangura proposatutakoa, besterik gabe, txarra denik. Eta, zalapartaka erantzun beharrean, serio hartuko bagenu eta aproba egin? Non dago kaltea? Edo lasterketa bakar batean hainbat familiak urte guztian zehar baino errekin gehiago kontsumitzen duen Fernando Alonsori jaramon egin behar al diogu?
Jakin badakit, ordea, ezarritako neurriek balio dutena eta kontrakorik esatea arinkeria hutsa besterik ez dena. Frogatua dago, nik blog beronetan orain hamasei hilabete adierazia hain zuzen. Ez naiz ni, beraz, Rubalcaba ministroaren jarrera zuritzen ari dena; bera da nonbait nere bloga irakurri eta nik esandakoa aintzakotzat hartu duena.
Funtsean, betiko arazoa. Arrazoi batez zein bestez, beti "besteak" dira mugitu behar dutenak, beti "inor" da errudun. Norberaren jarrerek eta jokabideek, aldiz, beti bide dute arrazoiren bat, beti aitzakiaren bat, beti logikaz jositako nondik norakoren bat. Pepiño Blancok frikitzat jo ditu, gaztelania batuan hipokritak baino ez direnak. Eibarren, berriz, samurregi hazitako umemokoak edo.