Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Juanjo Araolaza, zilarrezko tronpeta

Juanjo Araolaza, zilarrezko tronpeta

Amatiño 2024/04/13 23:35
“Aida ala iso”. Bien artean erabakitzeko orduan beti “aida” aukeratu beharreko hamarraldian jaio zen Juanjo Araolaza (Zizurkil, 1943 - Elgoibar, 2024), eta, azkenean, bihotzekoak jo behar izan du ez ustean, mokorraren zein besaburuaren aspalditxoko eragozpen latzak harenak egiteko nahiko ez zirelakoan.

Ez dut gogoan nolatan ezagutu genuen elkar, Juanjo Araolazak eta biok. Badakit, ordea, zerk elkartu gintuen: euskararen zilarrezko tronpetak (1). Zerk elkartarazi zitzakeen, bestela, podologo elgoibartarra eta tintorero eibartarra orain dela bospasei hamarkadako gandu lanbrotsu ilun hartan?

Joanean doan denboraren gandu lanbrotsuaren memorian zehar sumatzen dut nik mutil luzekin eta larri hura, bizkaitarra ez izan arren Zubiaurretarren pinturetatik ateratako sudurra eta kokotsa zituena eta, elgoibartarra izateko, “giputzegi” hitz egiten zuena.

Argi zabalak gandua uxatu ahala, gomutaren itsas-barrenean gogoratzen dut Juanjorekin batera Felix Etxeberria “Paranpan” (2). Eta lanbroak atertzera egin orduko, berriz, begi bistan Elgoibarko Izarraren zilarrezko tronpetak, aurrenik, eta Elgoibarko Ikastolaren (3) sorrera, gero. Haiek bai, urteak. Jeiki jeiki etxekoak, argia da zabala. Itsasoan ageri da, argi gozo biguna, bere aurrean beldurtuta, ihes doa iluna…(4) Juanjo eta beste makinatxo bat gurasoren artean, lehen irakasle-andanaren laguntzaz, Elgoibartik ihes eginarazitako diktaduraren iluna.

Ez dira astebete asko Juanjok eta biok elkar ikusi genuela Debako hondartza inguruko pasealekuan. Hainbat gehiago, berriz, Alzheimerraren aurkako ariketa-bileretan. Inoiz aipatu ere aipatu genuen, elkarri adarra jotze aldera, laurogei urteren bueltan ez geundela tronpeta hauspotzeko moduan, baina bai, behar bada... xilofonoa jotzeko-edo. Ez dut uste askorik praktikatzeko astirik izan duenik.

Abisatu gabe joan da. Ezertarako denborarik gabe. Baditu bere abantailatxoak. Ez naiz ni despedida luzeen zale, eta ez dut bera ere ikusten alferrikako hitz aspertuak luzatzen.

Dena den, Antton Aranburuk (5) bai eskaini dizkiola agur-hitzak, gaur iluntzeko hileta-amaieran, denon izenean eta bertsotan:

Hemen gaituzu, Jauna, zure hur-hurrean,

gure senide honen, azken agurrean;

deus gutxi gara geure, luze laburrean,

aldiz, ezer ez zure begien aurrean.


Azken hatsa emanik, gure Juanjo hilotz,

haren gomuta baina, ezin izan mingots;

beti izan haiz, Juanjo, gu denon bizipoz,

beti izan haiz-eta: buru eta bihotz.


Azken agur-hitz hauek ez dituk errezak,

baina ez gaitik bildu itxaropen ezak;

geurekin guk, Juan Jose, hik bizi ametsak…

egun handira arte, atseden har ezak.

 

Horrez gainera, Quico Pugés suhiak  Antton Valverderen Neguaren zain doinua (6) eskaini dio biolontxeloz, eta Arrieta familiak orain 53 urte Juanjorekin berarekin Odeon antzokian kantatutako abestia errepikatu du: Pete Seeger kantari ipar-amerikarraren "We shall overcome" (Nagusituko gara)  

Juan Jose Araolaza 1970
Juanjo, gitarra eta guzti, eskuinean, Arrieta familiarekin kantari, ikastolaren aldeko jaialdian. Elgoibar, 1971




 

---oo00oo

1) Itsasoan erdi murgilduta, baleak gorantza bota ohi duen ur-zurrusta, XVIII. mende inguruko herri-kantan aipatua

2) Elgoibarko berriemailearenak egiten ezagutu nuen Zeruko Argia astekarian, 1960eko hamarkadaren hondarrean-edo. Hasier Etxeberria idazle eta ETBko aurkezle izango zenaren aita.

3) Ikastolaren lehendakaria ere izan zen.

4) XVIII, mende inguruko herri-kanta. 

5) 1970eko hamarkadako lehen irakasleetakoa.

6) Hileta-giroan merezi du Xabier Leteren kanta-hitzak gogoratzea.

Gari Araolaza
Gari Araolaza dio:
2024/04/14 19:19
Oso eskertuta etxeko denok, Amatiño. Goizean sarean bila aurkitu dugu garai hartako elkarrizketa bat, urrezkoa iruditu zaigu.
https://www.argia.eus/[…]/elgoibarko-ikastola-berria
Amatiño
Amatiño dio:
2024/04/14 22:18
Eskerrik asko. Egia esan beharraren beharrez... ez naiz askorik gogoratzen. Azken hirurogei urteotan gehiegi idatzi izan dut, milaka, denetaz gogoratu ahal izateko. Eta nire memoria ez doa hobera. Dena dela, erabat harro sentiarazi nauzue. Bihoa zeuen aita handiaren omenetan.
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna: