Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Joseba Arregi: ‘Gaur Egun’ euskaraz izan zedin ordenatu zuena

Joseba Arregi: ‘Gaur Egun’ euskaraz izan zedin ordenatu zuena

Amatiño 2021/09/14 20:55
Bart hil da Joseba Arregi. Albistea sarean barreiatu da goizean goiz, irrati-telebistek ahal bezain laster eman dute heriotzaren berri eta biharko egunkariek, era batez zein bestez, hainbat informazio eta iritzi eskainiko dute hartaz. Nekez jasoko, ordea, Joseba izan zela ‘Gaur Egun’ euskaraz izan zedin proposatu zuena.
Joseba Arregi: ‘Gaur Egun’ euskaraz izan zedin ordenatu zuena

Joseba Arregi

Hainbatek besterik uste arren, Euskal Telebistaren egitasmoa elebidun izateko burutu zen. Azken bi hamarkadotako (2004-2021) blog honetan hainbat bider aipatu izan denez, ETB kate bakar eta elebidun jaio zen, 1982ko Euskal Irrati-Telebista legearen arabera. Eta hasierako lehen proposamena, berriz, %60 euskaraz (fikzioa eta barne-programazioa) eta %40 gaztelaniaz (albisteak eta enparaua).

Ezusteko aldaketa, ordea, 1983ko urtarrilean zehar gertatu zen. Ordurako Urte Berriko lehen programa elebiduna igorria zen eta, ondoren, lau asteko hutsunea, otsailaren hasieran estreinatu beharreko lehen Gaur Egun albistegiak prestatzeko. Froga guztiak gaztelaniaz egin, estreinaldi-eguna heldu eta, bezperan, euskaraz egiteko agindua jaso. Zer zela-eta?

Urtarrilaren 17an Hizkuntza Politikarako Idazkaritza sortu zen Joseba Arregiren zuzendaritzapean eta, ondoko hamabost egunetan, ordu arte Kultura Sailean onartutzat zirudien irizpidea aldatu zuen. Alegia, aurreko  esperientzia elebidunak (Herri Irratia, Deia, Egin…) euskararen kaltekotzat jo eta erabaki, telebista elebidunik ez egitea. Hartara, ETB erabat euskaraz izango zen eta gaztelaniazko albistegirik egitekotan, beste kateren batean egingo, euskara eta gaztelania elkarren lehia zuzenean kate berean jartzeke.

Horra paradoxa, segurutik beste inon sekula gertatu gabekoa. “Zero” (ezkutuko froga) guztiak hizkuntza batez egin eta, bezperan, hizkuntzaz aldatu. Lau astebetez gaztelaniaz prestatzen aritu, azken unean euskaraz egiteko agindua jasotzeko. Eta euskaraz egin genuen, jakina, gaur arte bezala. 

Erabakia Hizkuntza Politikarako Idazkaritzak proposatu zuen bete-betean  eta, une historiko hartan (ETBren hizkuntza-sistemarentzat erabat historikoa), Hizkuntza Politikarako Idazkari Nagusia Joseba Arregi baino ez zen. 

Zaude goian, Joseba lagun, lankide eta adiskidea. Bihoa gomutatxoa zure omenetan.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna: