Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / "Iparraldearen orena", Iparraldeko ordua baino haratago

"Iparraldearen orena", Iparraldeko ordua baino haratago

Amatiño 2022/09/28 17:55
Irailaren 22an. hogeita hamar urte bete berri dira ETBk sortu zuela, Baionan, “Iparraldearen orena” albiste-programa, astelehenetik ostiralera, Allande Boutin (Vernon, 1958) kazetari paristarra (ama zuberotarra) zelarik arduradun, ordezkari, aurkezle, berriemaile, informazio-biltzaile, ekoizle, mezulari eta oroegile.
"Iparraldearen orena", Iparraldeko ordua baino haratago

Allande Boutin, 1992

Guillaume Irigoyen
Guillaume Irigoyen
Inma Alvarez
Inma Alvarez
Franck Dolosor
Franck Dolosor
Bistan da denborak unean uneko erritmoak dituela. Iparraldearen orena egiteari ekin genionean, banuen nik susmoa ez ote ginen ari behar baino mantsoago, ia hamar urte behar izan zuen-eta ETBk Iparraldeko ikus-entzuleriari espresuki erantzuteko. 30 urteko ikuspegiaz, ostera, horra non Iparraldearen orena den, Gaur Egun eta Teleberrirekin batera, indarrean dirauten hiru programarik zaharrenetako bat.


Iparraldearen orena 1992ko irailean hasi bazen ere, ordurako lau urte bai, 1988tik* aurrera edo, ETBk bazuela nolabaiteko azpiegitura edo bulego txikia (Allanderen beraren etxean lehenik, Baionako Ganberan gero), nondik TDFren** (Télédiffusion de France) bitartez, Baionatik Iurretara bidaltzen ziren irudiak, Jaizkibelen barrena, RTVEren laguntzarik gabe.

Geroztik –Allande Boutin, Guillaume Irigoyen, Inma Alvarez, Franck Dolosor eta egungo taldea tarteko--, ETBk lekuan lekuko informazioa gertu-gertutik bildu ahal izan du 30 urte luzez, baina ez Iparraldeko ikus-entzuleentzat soilik, baita Hegoaldekoentzat ere, Iparraldeko egiazko euskal errealitatea hango albiste politikoak eta mugaz handik egun pasa joan  ohi garenon ikuspegi motza baino dezente gehiago delakoan.

Izenaren nondik norakoa

Gogoan dut, Iparraldeko eguneroko albistegia izango zena burutzerakoan erabaki behar izan ziren zertzeladen artean, aztergai izan genituela, besteak beste, programaren izena bera eta emisio-ordua. Ordua ez zen hutsaren hurrengo kontua, alde bateko eta besteko ohiturak ez baitira parekoak; eta, ezustean, orduarekiko zalantzek eraman gintuzten izen aproposa asmatzera.  Hartara, zein ote Iparraldeko jendearentzat ordurik onena? Eta, bidenabar,  “Iparraldeko ordua” ez ote, besterik gabe, izenik ulergarrien, adierazgarrien eta zuzenena?

Oinarrizko proposamenaz baliatu bezain laster, berriz, berehala jabetu ginen, jakina, “ordua” baino “orena” behar zuela izan eta, aldi berean, "Iparraldekoa" baino, ez ote litzatekeen egokiago “Iparraldearen” adiera. Hau da, izenburuari zentzu geografiko hutsa eman beharrean, nolabaiteko aldarri-kutsua ezarri, Maite Barnetxek (1941-1986) egin nahi eta ezin izan zuenaren lekuko eta gorazarrez,  Iparraldearen orena iritsia baitzen azkenekoz.

Gaur Egun eta Teleberri

Iparraldearen orena baino bederatzi urte lehenago jaioak diren Gaur Egun eta Teleberri albistegien izenen atzean ere bada istoriorik.

Zorrotz hartuz gero, itxuraz behintzat, Gaur Egun izena aproposago legokioke asteroko edo lantzean behingo informazio-programaren bati, eguneroko albistegiari baino. Izan ere, sakon-sakonean, Gaur Egun adierari gehiago dario “aktualitate” zentzu zabala, egunerokotasun hertsia baino.

Kontuan hartu behar da, ordea, bai duela 40 urte eta bai egun ere, arrunt samarrak  zirela eta direla alemanierazko telebista-kateetan “Aktuell” izenburupeko albistegiak. Eta ezin ahaztu, hain zuzen, ETBren euskarazko lehen albistegi-frogak Alemanian egin zirela, Hartara, funtsean, Gaur Egun, “aktuell” delakoaren euskal isla edo egokitzapena besterik ez da.

Teleberri, berriz, TVEko Telediario eta Telenorte albistegien alternatibatzat burutu zen. Batetik, telebista berri gisa, tele berria alegia, ez zaharra; baina, bestetik, telebista-albistegi antza, tele-berritegi moduan. Eta, berrogei urte geroago, Teleberrik egun dituen audientziei bagagozkie behintzat, nekez uka daiteke jatorrizko izenaren erronkari erantzuteko gauza izan denik.

 * Iruñeko bertako lehen albiste-zerbitzua, berriz, Arantza Zugastiren eskutik, 1984ean. hasi zen.

** ETB sortu zenean, diktaduratik zetorren RTVE, Espainiako lehen eta bigarren kateen jabe izateaz gainera, sare-azpiegitura osoaren ugazaba zen. Hartara, ETBk berariazko sarea egin behar izan zuen. Frantziako Errepublikan, ordea, sistemak errotik bereizten zituen  telebista-kateak eta kate guztiei sare-zerbitzua eskaini beharreko teledifusio-azpiegitura publikoa. Horra zergatik, ETBren eta Kataluniako TV3ren arteko lehen sare-harremanak Pirinioen iparraldetik, Frantziatik, egin behar izaten ziren, eta ez Pirinioen hegoaldetik, Espainiatik. RTVEk ez zuen zerbitzua eskaintzerik nahi izaten eta Frantziako TDFk, ordea, batere arazorik gabe, zegokion fakturaz. 

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna: