Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Iñaki Beobide zendu da

Iñaki Beobide zendu da

Amatiño 2024/01/14 23:35
Iñaki Beobide* (Zumaia, 1934) hil da gaur. Gerra osteko euskal kulturgintzaren aurrenengo ekoizlea. Euskal antzerki, kanta, argitalpen, bertso, dantza, komiki, bikoizketa zein telebista zordun zaizkio. Disziplina horien guztien aitzindariek nork bereari ekin ziotenerako, Iñakik urteak zeramatzan hartan.

"Jarrai" (1957) antzerki-taldearen kide, "Zeruko Argia" (1964) astekariaren kronikagile, euskaltzain urgazle (1965), "Herri Gogoa" (1967) diskoetxe (**) eta “Ikuska” zein “Irakur Sail” argitaletxeen sortzaile. "Asterix eta Obelix" komiki-sortaren eragile, Euskal Dantzarien Biltzarraren idazkari, Gipuzkoako Diputazioaren Ahozko Literatura arloaren arduradun, ETBren lehen ekoizle (1979) eta bikoizketa-eskolaren suspertzaile. Alemaniara ikastera joan (1982) zen 40 teknikari-taldearen buru eta 1983ko Urte Berriko lehen ordu txikietan begirik itxi ez zuen ekoizpen-arduraduna.

Kultura-ekoizle peto-petoa izan genuen. Isila, kementsua eta eraginkorra. Iñakik 50 urte luze egin zituen bastidore artean, beste hainbatek aurpegia jartzen zuen bitartean. Iñaki izan genuen, beti, anitz egitasmoren harila, hainbat zulo eta hutsuneren estalkia, saltsa guztien perrexila eta dena denboraz sumatzen  zuen radarra.

Durangoko Liburu Azokak Argizaiola Saria eman zion 2011an. “Mende erdian zehar denetariko euskal kultura-alorretan egindako lan eskergarengatik”.

Goian bego, Iñaki.

* Iñaki Beobide, euskalgintzaren jostuna

** “Ez dok amairu” taldeko kantarien abestiak (Artze anaiak, Lourdes Iriondo, Mikel Laboa, Julen Lekuona, Benito Lertxundi, Xabier Lete,,, ) lehenik, eta ondokoak (Antton Valverde, Txomin Artola, Xabier Saldias, Lupe, Haizea, Oskarbi…) gero. Baita bertsolaritza (Xalbador, Mattin, Kepa Enbeita…) eta musika klasikoa ere (Aita Donostia, Ravel…).

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna: