Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Iñaki Beobide, euskalgintzaren jostuna

Iñaki Beobide, euskalgintzaren jostuna

Amatiño 2011/12/05 00:05
Iñaki Beobide dugu aurtengo Argizaiola Saria. Ondo merezitako saria. Iñaki dugu segurutik 1960, 1970 eta 1980ko hamarkadetan euskalgintzak izan zuen ekoizlerik garrantzitsuena. Edozein ekintzak behar ditu ideia, teknologia eta dirua, baina hiru horiek ez dira inoiz aski, hiruak elkarrekin oratuko dituen ekoizlearen jostorratzik ez baldin bada.

Berrogeigarren hamarkadan jaiook euskalgintzan muturra sartzen hasi ginenean Iñaki Beobiderekin egin genuen topo, ezin bestean. Denean zegoen, beti zegoen, denontzat zegoen. Ez eskaparate erdian baina bai, ostera, bastidore artean. Antzerkigintzan eta diskogintzan lehenik, irrati-telebistan gero.

Beti laguntzeko gertu, beti hainbat aukera eskaintzeko prest, sekula bekozko ilunik jarri gabe. Eta ez, horratik, haserretzen denean esne txarrik ez duelako, ekoizle ona denak lehen eta behingoz pazientzia handia behar duelako baino.  Pazientzia handia, beti ere ideiarik onenen jabe omen diren artistekin; pazientzia hotza, beti ere tramankuluak jainkotzen dituzten teknikariekin; eta pazientzia eraginkorra,  beti ere etekinen bat itxaro duten dirujartzaileekin.

Zein ote ekoizlerik baliotsuena? Ba… artistak elefante zuria eskatu arren, astoaz ere konpondu daitekeela sinestarazten diona; teknikariak astoak artikulatua izan behar duela esan arren, kartoizkoak ere balio dezakeela frogatzen diona; eta diruzainak asto zaharrarekin iraun nahi arren, luzera berria merkeagoa aterako zaiola erakusten diona. Eta Iñaki Beobidek ondotxo jakin izan du beti interes kontrajarrien arteko trafiko zail hori bideratzen.

Askoz ere zailagoa da, ordea, Iñaki lanean ari zela ateratako argazkirik aurkitzea, nahiz erlojuari begiratu gabe lan ikaragarri asko egindako gizona izan. Are gehiago, 1960, 1970 eta 1980 hamarkadetako euskalgintza bestelakoa litzateke baldin Iñaki Beobide, isilik-misilik, ekoizpen-lanetan izan ez bagenu.

Eskerrik asko, Iñaki.

Teoria gutxi, ekintza ugari

Beobide, Olaizola, Irigoien. Durango, 1975

Iñaki Beobibe, Imanol Olaizola eta Iñaki Irigoien, 1975eko Durangoko Liburu Azokan  

Beobide

ETBren lehen arloburu-taldea Alemanian (1982). Eskuinetik ezkerrera, Iñaki Beobide (ekoizpena), David Barbero (albisteak), Juan Carlos Loroño (teknika) eta Jota Jota Cuadrado (aurkezpena). Erdian, alemaniera-gaztelania itzulpen-lana egiten zigun kolonbiarra

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna: