Ikuskizunik onena, erronkarik zailena
Sor Juana Ines de la Cruz idazle mexikarra tarteko, aitortza bi ezertan hasi aurretik. Harrotik bata, apaletik bestea. Harrotik, ni neu erdi bergararra izanda, letretakoa-edo, eta Mexikon pare bat aldiz egondakoa, beti pentsatu izan dut inor gutxik zekikeela nire inguruan Juana de Asbaje mojaren berri. Apaletik, aldiz, aitortu ere aitortu behar dut, azaleko datuez eta anekdotez aparte, ez naizela sekula askorik jabetu, Sor Juanak bizi izandako drama gordinaz, honako “Ni, munduko txarrena” antzerkia ikusi arte. Ikusi beharrekoa, besteak beste, drama baino tragikomedia suertatu arren.
Gogotik ikusgarria bai, Vaivén taldeak landu, moldatu eta taularatutako saioa, tarteka-marteka baino ikusi izaten ez den antzerki musikala, historia, salaketa, aldarrikapena, ironia eta entretenimendua aldi berean biltzen dituena. Nolabaiteko mirari txikia… edo handia! Antzerki-zaletasuna areagotu egiten duten ikuskizun horietakoa.
Onak, egitasmoa (Ana Pimenta), testua (Antonio Muñoz de la Mesa), zuzendaritza (Olga Margallo) eta musika (Iñaki Salvador); nabarmen onak ere, Ugaitz Alegria, Ainara Ortega eta Ana Pimenta antzezlarien lana eta, hasi eta buka, nabarmenetan nabarmenena, Itxaso Quintanaren aktore- zein kantari-ekarpen sendo eta zindoak. Erabateko plaza-emakumea, gero.
"Ni, munduko txarrena” dela-eta, arrakasta dezente handia sumatzen zaio Vaivén ekoiztetxeari, honezkero itxia bide duen saio-egutegi joriaren barrena. Baina, baita oraingoz hitzordua eskatu ere hurrengo ekoizpenerako, lortutako mailari eustea sekulako erronka nekeza egokituko zaiolakoan.