Ignazio Arregi eta Pedro Olearen adibideak
Aurreko astean hil zen Ignazio Arregi, Loiola Irratia, Eusko Irratia zein Radio Vaticana-ren albiste-zerbitzuen zuzendaria izana. Vatikanoak, heriotzaren berri eman ez ezik, Federico Lombardini Egoitza Santuaren bozemaile-ohiari egindako elkarrizketa ere argitara eman du*. Astebete berean zinema-aretotan ikusgai izan dugu “Olea. ¡Más alto!” dokumentala, Pedro Olea zine-zuzendari bilbotarraren mende erdiko emaitzak biltzen dituena. Biak ala biak, adibide arras onak beste horrenbesteko proposamenak egiteko.
Ignazio Arregirekin zorretan
Segurutik Ignazio Arregi da, euskal irratigintzaren historia osoan, sekula izan den maisurik handienetakoa. Eta nago, EiTBk nolabait derrigortua beharko lukeela bere burua sentitu, Arregi zenaren ohorez eta gomutaz dokumental aproposa egiteko. Besteak beste, Ignazio Arregi Pontificia Universitá Gregoriana delakoan Gizarte Komunikazio irakasle (1992-1999) izan zen Erroman, baina auskalo EHUko kazetaritza fakultateko zenbat ikaslek asmatuko ote lukeen jesuita oñatiarraz hamar lerro euren kaxa idazten.
Gainera, dokumentalik egitekotan, oraintxe da unea, geroko gerotan geratu beharrik gabe. Oraintxe dira-eta, bertatik bertara, Arregi hurretik ezagutzeko aukera izan zutenak, eta urrutiegi joan beharrik gabe hartaz, beren-beregi, hitzegin lezaketanak, alegia: Joxe Mari Iriondo, Josemari Otermin, Jose Ramon Beloki Julian Beloki, Txaro Arteaga, Txema Urrutia, Lazaro Azkuna, Karmelo Otaegi, Odile Kruzeta,,Mikel Lejartza, Txerra Diaz Unzueta eta beste edozenbat, Lombardini bozemaile vatikanoarra bera, tarteko.
Euskal zinemagintza
Pablo Malo donostiarrak Pedro Oleaz egindako dokumentala, berriz, adibide ona da adierazteko, zein buruhauste handirik gabe egin zitekeen euskal zinemagintzaren azken mende erdi honetako laburbilduma, Antxon Ezeizaren aurreneko Ikuska haietatik, egungo aretoetan agiri diren Ane, Erlauntza, Hil kanpaiak eta beste arte.
Olea !Más alto¡ ekoizpenak ez du, behar bada, arte-saririk irabaziko baina betetzen du bere funtzioa, hogeita hamar film ingururen irudiak bildu eta hogeitaka aktore, zuzendari eta ekoizle ezagun elkarrizketatu ostean. Ildo beretsutik, ez lirudike batere zaila, Euskadiko Filmategia tarteko, azken berrogeita hamar urteotako euskal zinemagintzaren protagonistak elkarrizketatzea, Xabier Elorriaga eta Angel Amigoren belaunalditik hasi eta Aitziber Garmendiaren zein Eneko Sagardoyren andana arte eta gaur egungo sekulako zuzendaririk onenetaraino.
Ignazio Arregiren nondik norakoak eta euskal zinemagintzaren garapenak ondotxo merezi dute gogoan hartzea. Azken bolada honetan, ETBk bi egunetik behin-edo frogatzen digu gauza zailagorik egiteko gauza dela. Hartara, hainbat arrazoi gehiago, errazagoak diruditenak bide-bazterrean ahaztuta ez alboratzeko.
...oOo...
* Vatican News.
** Orain dela hamar urte (2020.XI.11), “Eta orain, zer?” liburuaren aurkezpena zela-eta, denok ere ez ote geunden Ignazio Arregirekin zorretan idatzi nuen blog honetan. Geroztik hamar urte ez ezik, Ignazio bera ere joan zaigu, eta beldur naiz ez ote duen alde egin behar izan, genion zorra jaso gabe.