Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Historia historikoki pentsatzen erakutsi zigunaren maisutza

Historia historikoki pentsatzen erakutsi zigunaren maisutza

Amatiño 2025/04/23 12:20
Lerro hauek argitara orduko hamabiren bat egun dira Elena Barrena Osoro (Eibar, 1953 – Donostia, 2025) lizentziadun eta doktorea zendu dela. Hur-hurretik ezagutu izan zutenek (1) bazekiten irakasle eta ikertzaile aitzindaria zela, ezohiko moldeen eragile, mugarria bere lanbidean, azken berrogei urteotako belaunaldiaren erreferente, bera heldu artekoak hankaz gora jarri eta errealitate berriak aurkitu zituena.

Hala ere, Googleren bilatzailean euskaraz zein gaztelaniaz galdetu eta irakurleak ez du haren heriotzaren ondoko informazio-zantzurik ere aurkituko, familiak jarritako hilagiriren bat edo beste izan ezik. Nola ulertu daiteke isilune hori?

Niri sasi-arrazoi bi otutzen zaizkit. Lehena, lizentziadun eta doktorea zela, bai, baina ez ingeniaritzaz, ekonomiaz, biomedikuntzaz edo enpresaritzaz, historiaz baizik, Erdi Aroko historiaz, gainera. Bigarrena, berriz, emakumea zela. Arlo bietan izan zuen esperientzia handia. Izan ere, unibertsitatean urteak lanean zeramatzala eta bere lehen alabaren haurdun zegoela, artean segurtasun sozialik ez-eta, horrenbeste zegokiolakoan, lan-harremanetako arduradunari joan zitzaion eskaka. Baita bat-bateko erantzuna jaso ere: “Hori, senarrari!”. Geroztik joan dira lau hamarkada, zeinetan Elena Barrena --irakasle, ikertzaile, emakume, emazte, ama eta amama-- benetan mugarri izan den historia-irakaskuntzan eta euskal historiografian.

Irakasle moduan, “eskola” sortu zuen irakasteko ereduetan. Gela barruan ez ezik, gelaz kanpo ere jardunean jarri zituen ikasleak, benetako lanak (ez teoria hutsak) eskatu zizkien, gogoeta kritiko eta sistemikotara abiarazi zituen, galderak egiten zein argudioak lantzen eta “historikoki” pentsatzen erakutsi. Baita, historiaz gainera, beste zenbait gizarte-zientziaz baliatzen bideratu ere, soziologiaz, arkeologiaz, geografiaz, antropologiaz, hizkuntzaz nahiz toponimiaz.

Ikertzaile gisa, berriz, ezin adierazgarriago da bera izan zela “Iputza” adieraren esangura jorratu eta ulergarri bihurtu zuena, eta gaur egun Gipuzkoa deitzen dugun izaki politikoaren nondik norakoa estreinako xehatu zuena. Hots, hilabeteotan Donostiako San Telmo Museoan ikusgai dagoen “Ipuscua 1000 urte. Ipuscuatik Gipuzkoara 1025-2025” erakusketaren oinarri eta iturburuak Elena Barrenaren orain 35 urteko ikerketetan aurkitu behar direla.

Hain zuzen ere, bere doktorego-tesiaren (1988-89) inguruan duela mila urteko komunitatea aztertzeari ekin zionean, ezinbestekotzat jotzen zen nola-hala errege, jauntxo, zaldun edo arma-gizonekin tope egitea, baina historialari eibartarrak aurkitu zuen beste errealitate bat, non Galga eta Blasquita bezalako emakumeak ziren benetako protagonistak, eta bizitzaren zein lurraldearen antolamendua senide eta auzokideen arteko komunitatearen baitan mamitzen eta burutzen ari zen.

Guztira ere, Elena Barrenak XI. eta XII. mendeetako laurogeita bat agiri baino ez zituen eskuragarri izan, baina geografia, antropologia eta hizkuntzalaritza lagungarritzat hartuz lortu zuen Galga eta Blasquitaren bizimodu eta gurarien berri jakin, mila urteko denboraren gainetik haiekin “solasean” jarri eta eurengandik hainbat erantzun jaso. Ondorioz, oinarrizko komunitatea lurralde bihurtu zeneko egitura ulertu lehenik eta osatzen ziharduen izakera politikoaz jabetu gero.

Iputzaren kasuan Elena Barrenak frogatu bazuen zein garrantzitsua den datu historikoak “historikoki” pentsatzea, beste horrenbeste egin zuen hurrengo hamarkadan (Jose Antonio Marin Paredesekin batera) burututako “Gipuzkoako Komunikabideen Historia” (1991) lanean, non --hainbat erakundek eta turismo-sektorek itsasbazterreko Santiago Bidea sustatu nahi arren-- gure historialariak itsasaldeko bide hura froga lezakeen batere daturik ez zela adierazi zuen.

Elena Barrenari jaramonik eginez gero, egungo mapak besterik ematen badu ere, IX-XI. mendeetan ez zen jakineko bide artezik Bidasotik Barbaduneraino. Nahiz egungo begiez ikusita ildorik normalena Donostiatik Bilborako errepidea iruditu, duela mila urteko bideak ez zirela ekialdetik mendebalderakoak, hegoaldeko mendilerroetatik itsasalderakoak baino, ibai-ibarretan barrena. Beste modu batez esanda, Gipuzkoatik Bizkaialderako igarobidea Debatik Markinaraino gurutzatu baino, Elgeta gainetik Durangaldera jaisten zela, XI. mendean Bidasotik Ibaizabalerainoko bide nagusiak Goierri gipuzkoarra zeharkatzen baitzuen, Galga andrearen Iputzetik ez urruti, hain zuzen.

Gogoan dut, kazetari gisa, Elenari berari galdetu niola orduan, konturatzen ote zen interes politiko, turistiko eta ekonomiko guztien kontra ari zela. Eta, beste hainbat historialarik itsaslabar gainetako bidezidor politak marrazten zituzten bitartean, berak erantzun: “ni historialaria naiz, eta nire lehen egitekoa historikoki pentsatzea da”.

1) Elena Barrena Osorori gorazarre

enpresabidea

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna: