Goizetik ala arratsaldetik?
Bergarako Danobat Railway Systems lantegiak erreminta-makinaren sektorean sekula izan den eskaririk handiena lortu du. Argazkian, Rafael Barrenetxea, Zuzendari Nagusia, trena eskutan duela.
Goi mailako teknologia
Gaur egun erreminta-makina espainiarra hirugarrena da Europako Batasunaren baitan eta Estatu espainiarreko sektore guztiaren %75a Elgoibar inguruko 60 kilometroren bueltan dago. Euskal erreminta-makinaren teknologia lehen-lehen mailakoa da orain baina ez da, ordea, beti horrela izan.
Hirurogeigarren hamarkadan euskal teknologia ez zen, inondik ere, gaur egungoaren mailakoa. Euskal erreminta-makinaren lehiakortasuna ez zegokion teknologia landuari, prezio merkeari baino. Baina ordurako hasiak ziren lehen komertzialak kanpoko merkatura ateratzen eta, tarteko, Gentza Belaustegigoitia gaztea, munduaz zelan jabetu asmatu gurarik.
Horrelako batean, gure Gentzak Alemanian ziharduela euskal erreminta-makinen onenak hitzetik hortzera aipatzen, saltzaile berritsua noiz trabatik kenduko erosleak bota zion batere errukirik gabe:
-- Erreminta-makina espainiarra saltzen al zatoz? Alemaniara? Baina gazte, nola salduko duzu ba hemen horren teknologia zaharra…. Makinatxo bat urte aurretik goaz gu. Hemen jai duzu. Zer ikasi asko daukazue oraindik. Utzi nazazu bakean eta etorri zaitez hogeita bost urte barru!
Eta Gentza gazteak, apal-apal, batere haserretu gabe, erantzun zion.
-- Goizetik ala arratsaldetik?
Alemaniarrak ez zion nonbait bat-batean ulertu, gero saltzailearen ironiaz jabetu zen, ostean irribarrea atera zitzaion, ondoren garagardo batzuk jo zuten elkarrekin eta, azkenik, lehen euskal erreminta-makina erosten amaitu zuen. Eta gaur arte. Zenbat holako ez ote den gero gertatu azken mende erdi honetan…
Gentza Belaustegigoitia
Gentza Belaustegigoitia laudiotarra, hiruzpalau hizkuntzaren jabe, betidanik izan da saltzaile ona. Kultura handiko gizona, industria-ingeniaria ikasketaz, Euskal Filologiaren lizentziatura hasi eta amaitu zuen lau seme-alaba eta berrogeitaka urte zituela.
Erreminta-makinaren sektorea utzi eta altzairu saltzeari ekin zion. Bera karguaz arduratu zenean enpresak 200 milioi pesetako salmentak zituen urteko eta alde egin zuenean, berriz, 60.000 milioiko fakturazioaz eta nazioarteko sareaz utzi zuen.
Geroztik politikagintzari eskaini zizkion bere urterik helduenak. Garaikoetxea lehendakariaren sailburuen arteko bateragile izan zen baina, aurretik, Arabako Aldundiaren Diputatu-Nagusiorde zein Aurrezki Kutxaren lehendakari. Orduantxe ezagutu nuen nik, HABE Araban zabaltzeko diru eske joan nintzaionean. Geroztik lagun minak gara. Guayabera berari zor diot. Baita etenbako edozenbat hitz-aspertu ere. Eruditoa da, eruditorik bada. Eta, gauza guztien gainetik, entzuten daki.
Gentza Belaustegigoitia azken gerra ezustean ezagutu zuten euskal haurretakoa da. Hiruzpalau urte zituela Hossegorra itsasontziz eramana, frantsesez hazia eta hezia, ez zuen Ameriketara alde egin behar izan zuten gurasoak nerabe izan arte ezagutzerik izan.
Belaustegigoitiarrak ez dira gero bart gauekoak. Gentzaren aitonaren aitona edo, Jose Pablo Ulibarri (1775-1847) idazle okondarraren Gutun Liburuan aipatzen da, Iztueta, Novia Salcedo eta Mateo Zabalarekin batera.
Aitxitxa Sabinen pasarte bat gogora ekarri didazu Gentzaren kontu horrekin. Aspalditxo kontatu zidan aitak eta ez dakit guztiz zehatza izango naizen, baina tira, memoriak uzten didan neurrian, ahalik eta zehatzen:
Aitak kontatu zidanez, Alemaniako azoka batean makina bat gustatu zitzaion aitxitxari, eta ekoiztu zutenei eskeini zien makina hori Espainian AGMEk egiteko akordio batera-edo iristeko hitz egitea. "En España no hay cojones para fabricar esto" erantzun zioten, eta berak "En España igual no, pero en Eibar sí" erantzun omen zion (edo "en Euskadi" izango ote zen?).
Makina erosi, Eibarren osorik desmontatu, piezaz pieza berriro ere montatu eta funtzionatzen zuela ikusita, patentatu egin zuten makina. Alemaniako enpresa hark bere makinaren patentea galdu zuen, horrela, Espainian. Edo hobeto izanda, Espainian patentea izateko aukera galdu zuen.