Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Gentza Belaustegigoitia, azken errenazentista

Gentza Belaustegigoitia, azken errenazentista

Amatiño 2011/08/01 23:00
Gentza Belaustegigoitia gaur hil da Laudion, hiruzpalau hilabetez minbiziak jota iraun arren batere umorerik eta ironia-puntturik galdu gabe. Berau genuen, segurutik, lege zaharreko plaza-gizonik handienetakoa eta berarekin batera amaituz doa XX. mendearen lehen hiru hamarkadetan loratu zen euskal pizkundearen andana. Ez naiz euskal literaturaz edo politikaz ari, bizitzari aurre egiteko filosofia osoaz baizik

Gentza

Gentza Belaustegigoitia

Gentza Belaustegigoitia azken gerra ezustean ezagutu zuten euskal haurretakoa genuen. 1935an jaioa, bizpahiru urte baino ez zituela Cap-Bertonera (Akitania) itsasontziz eramana, frantsesez  hazia eta hezia, ez zuen  Ameriketara alde egin behar izan zuten gurasoak nerabe izan arte ezagutzerik izan.

Hiruzpalau hizkuntzaren jabe, kultura handiko gizona, Industria ingeniaria (Lieja) goi mailako lehen ikasketaz, Euskal Filologiaren lizentziatura (Deustu) hasi eta amaitu zuen  lau seme-alaba eta berrogeitaka urte zituela. Eruditoa zen, eruditorik izatekotan, eta, gauza guztien gainetik, entzuten zekien.

Erreminta-makinaren sektorean hasi zen komertzial gisa eta gero, berriz,  altzairu saltzeari ekin zion Bilbo inguruan. Bera karguaz  arduratu zenean enpresak 200 milioi pesetako salmentak zituen urteko eta alde egin zuenean, berriz,  60.000 milioiko fakturazioaz eta nazioarteko sareaz utzi zuen.

Geroztik politikagintzari eskaini zizkion bere urterik helduenak. Garaikoetxea lehendakariaren sailburuen arteko bateragile izan zen baina, aurretik,  Arabako Aldundiaren Diputatu-Nagusiorde zein Arabako bertako Aurrezki Kutxaren lehendakari.   Orduantxe ezagutu nuen nik, HABE Araban zabaltzeko diru eske joan nintzaionean. Geroztik lagun minak egin ginen eta, urteak joan eta urteak etorri, zenbat hitz-aspertu ez ote dugun  elkarrekin egin.

Errotik laudiotarra

Belaustegigoitiarrak ez dira gero bart gauekoak. Gentzaren aitonaren aitona edo, Jose Pablo Ulibarri (1775-1847) idazle okondarraren “Gutun liburuan”  aipatzen da, Iztueta, Novia Salcedo eta Mateo Zabalarekin batera.

Gentzaren osaba Federiko Belaustegigoitia (Laudio, 1876-1947)  izan zen, Sabino Aranaren ikaskide, euskaltzale sutsu, euskaltzain urgazle eta Euskal Loteriaren sortzaile. Baita Bizkai Buru Batzarrekoa ere, arabarra izan arren.

Oraindik pare bat urte baino ez dira Gentzak erakutsi zizkidala bere osaba Federikoren paper eta liburuen artean aurkitutako  “Cristiñau Doctrinia, Aita Gaspar Astetec erderaz escribidua” (Bilbo, 1877) eta “Laudiyoko abade jaunen encarguz eta costuz, diar dirian baiyezcoecaz, eusquerara biyortuta” argitalpenak. Ingeniaria zen, baina, hizkuntzalaritza, aztarren zaharrak eta Arabako nahiz Bizkaiko foru-sistemak gogotik maite izan zituen. 

San Roke kofradian baja eman zuen bakarra

Orain dela pare bat urte sekulako eztabaida sortu zen Laudion eta han-hemenkako komunikabideetan, Laudioko San Roke kofradian emakumerik ez zutela onartzen eta. Kofradiaren Araudia XVI. mendekoa izanda, ulergarri edo zitekeen horrelakorik.

Irrati-telebistek zein egunkariek  mortalak eta bi esan zituzten San Roke kofradiaren bazkideen “matxismoa” zela eta ez zela, arrazoiz segurutik. Baina ezein komunikabidek ez zuen ordea jaso emakumeekiko elkartasunaz baja eskatu zuen bazkide bakarraren izena: Gentza Belaustegigoitia.

Gentza, berriro elkar ikusi arte. Bitartean, eutsi goiari.

 

Intxorta
Intxorta dio:
2011/08/03 02:51

Zehaztapen txiki bat baino ez. Euskal Filologia lizentziatura non amaitu zuen ezin ziurtatu dezakedan arren, zalantzarik gabe esango nuke 1980-1982 urteetan Gentza Gasteizen ibili zela Mitxelenaren eta beste hainbaten klaseetara ikasle gisara joaten. Orduko Filologia Fakultatean, jakina, apaizgaitegiko pabiloi handi haietako batean.

Agur eta ohore, Gentza!

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna: