Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Fikzioa ez da irakurzaletasuna balioztatzen duen bakarra

Fikzioa ez da irakurzaletasuna balioztatzen duen bakarra

Amatiño 2022/04/20 09:00
Irakurzaletasunak ez du beste edozein arte gustuko izatea saihesten. Ez eta alderantziz ere, jakina. Beti ere gogoan izanda, ezein arte-motaren zaletasuna… zaletasuna besterik ez dela, ez derrigorrezko betebehar morala. Eta gainera, irakurtzeko orduan, fikziozko literatura ez dela irakurzaletasuna balioztatzen duen bakarra.

Banuen nik duela ia lau hamarkada zendu zen lagun mina, melomano joria bezain irakurle urria zena. Egokitu zitzaion garaian galtzeko guztiak zituen arren, ez zuen onartzen literaturari egin ohi zitzaion neurri gabeko mena*, musika bigarren mailako artetzat jotzen zen bitartean. Hartaz gogoratu naiz Koldo Izagirreri zera irakurri diodanean: “Idazleok idazteko askatasuna badugu, ezin dugu irakurketa derrigorrezko betebehar moral bihurtu”.

Nire adiskideak ez zuen ulertzen zergatik eskolan literaturaren historia ikasi beharra zegoen eta ez, ordea, musikarena. Zergatik beti liburu-mordoa eraman behar izan zuen besapean eta, ostera, sekula ez zion inork pentagrama soilik ere gelan erakutsi. Zergatik literatura eskola-gaia zen eta musika, ordea, orduz kanpokoa. Sutan jartzen zen, José María Peredaren (“Peñas arriba”) testuak buruz ikasi behar izan zituelako, nahiz gelakideen artean Mozart nor zenik ere inork jakin beharrik ez.

Ez dakit beste zenbait gizartetan ere (Viena-Salzburgo-Praga triangeluan, esaterako) horrela izan ote den, baina zalantzarik ez gero, gurean behintzat, derrigorrez literatura (fikziozkoa, gehienbat) irakurri beharraren sindromepean haziak eta heziak izan garela oraintsu arte, ikusentzunezkoen mundua indartu arte-edo.

Zer gerta ere, muturreraino jo beharrik gabe, batak ez du bestea kentzen. Irakurzaletasunak ez du musika (edo beste edozein arte) gustuko izatea saihesten, eta alderantziz, jakina. Beti ere gogoan izanda, ezein arte-motaren zaletasuna… zaletasuna besterik ez dela, ez derrigorrezko betebehar morala. Eta gainera, irakurtzeko orduan, fikziozko literatura ez dela irakurzaletasuna balioztatzen duen bakarra.

Lasaitu ederra

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna: