Ez, behintzat, Kataluniaren bizkar
Ezker abertzalearen azken 40 urteotako estrategia, oro har, eta ETArena, bereziki, Kataluniaren mesedetan izan al zen? Inork uste al du, benetan, ETAk Kataluniaren aldeko estrategiarik zuenik gogoan, 2000 urtean Ernest Lluch erail zuenean edo, 1987an, Hipercorko atentatuan 21 lagun hil zirenean?
Euskal Herriaren eta Kataluniaren bideak nabarmen bereiztu ziren XVIII. mendean, Ondorengotza Gerra ostean, euskal foruek indarrean jarraitu arren Kataluniak espainiar sistema komunean sartu behar izan zuenean. Bereizketa hark erakarri zuen, XIX. mendean, Kontzertu Ekonomikoa, zeinen ondarea jaso zuen 1978ko Konstituzioak eta, hurren urtean, Gernikako Estatutuak --Kataluniakoak ez bezala-- garatu.
Hain zuzen ere, ezin gero ahaztu, Kataluniako estatutuaren negoziatzaileek mespretxatu zutela, orduan, euskal ordezkariek egindako ogasun propioaren aldarrikapena, "zergak biltzea popularra" ez zelakoan. Eta orain, zer? Euskal erakundeek muzin egin behar al diote negoziatzen jarraitzeko abaguneari? Euren zergak biltzeko besteko adorerik ez luketenen mesedetan?
Ez, segurutik euskal egitasmo guztiak ez dira Kataluniaren faboretan suertatu, Kataluniako denak eredugarrienak ez diren bezalaxe euskal ikuspegitik. Esaterako, “Gure esku dago” plataformak ez ote luke erantzun hoberik jasoko, Katalunian gauzak beste modu batera egin izan balira?
Galeuscat
Nik dakidanez, Galizia, Euskadi eta Katalunia nazioek azken ehun urtean zehar bilbatu duten estrategia bateratu bakarra Galeuscat izan da. Sortzez, Galeusca (Pacte de la Triple Aliança, 1923) eta, gero, Galeuscat* (2006), Bloque Nacionalista Galego, Eusko Alderdi Jeltzalea, Convergència Democràtica de Catalunya eta Unió Democràtica de Catalunya lau alderdien partaidetzaz, “Estatu plurinazionala, kulturaniztuna eta eleaniztuna” aldarrikatuz.
Esan beharrik ez, estrategia bateratu honek ez dirauela indarrean egun. Bakoitzak jakingo du zergatik. Besteak beste, BNG erdibitu egin da, UDC pikutara joan zen 2015 urtean eta CDC izenez aldatu, 2016tik aurrera.
Bistan denez, EAJ da, lauetarik, gorputzaldi on samarrez darraien bakarra. Auskalo bere meritua ote den ala inorena, baina badirudi hainbatek nahi baino hobeto asmatu duela. Eta ez, behintzat, Kataluniaren bizkar. Historia ez da 2017an hasi.
* Aldaketa proposatzeko Kataluniak bi argudio erabili zituen, 2006an: jatorriko "Galeusca" izenean, Galiziak (Gal) eta Euskadik (Eus) hiruna hizki zituztela eta Kataluniak (Ca), ordea, bi. Eta, hain zuzen ere, hirugarren horren faltan, hainbatek uste zuela (ahoskatzerakoan, gehienbat), azken parte osoa (Eusca) Euskadiri zegokiola. Gainera, jakinekoa da, Kataluniaren akronimoa-edo, cat dela.