Hondamendia letorke, dugunaz jabetzerik ezaz
Nago, ordea, gaur egun pare bat zientzialarik (Leonardo DiCaprio eta Jennifer Lawrence) iragarriko balute, sei hilabeteren buruan Everest-en neurriko kometak zerutik erori eta planeta osoa birrinduko lukeela, gizateria guztia erabat arduratuko litzatekeela eta sektorerik gehienetan demaseko izua nagusituko. Hauxe da, hain zuzen, film osoaren sinesgaiztasunik nabarmenena. Sailka, zatika edo sekuentziaka hartuz gero, dena dateke ironia egoki, entretenigarri eta sinesgarri samarra. Oro har, ordea, haurrentzako modukoa suertatzen da --hasi eta buka-- filmaren nondik norako osoa.
Zientziari jaramonik eginez gero, bederatzi kilometroko izotz puska hainbat milioi urtetik behin* baino ezin izango litzaiguke hurbildu; hurreratuko balitz, berriz, hainbat urte lehenago jakingo genuke haren berri; eta, jakitekotan, ez lukete bi astronomo iparramerikar borondatetsuk aurkituko, nazioarteko astronomia-sare publikoak baino.
Edozein modutan, kontua da kanpo-espaziotik sekulako kometa etorri datorrela, hiritarrik gehienon ukatu nahia barreiatzen dela munduan zehar eta “Don´t Look Up!” leloa nagusitzen. Alegia, “ez begiratu gora!”, negazionismoa enegarren potentziara jasota.
Ondorioz, agintean dauden politikariei irudituko zaie zentzu horretako albisteak kalte baino ez duela eragingo hiritarren artean; eta muzin egingo diote zientzialarien iragarpenari, hurrengo hauteskundeak direla-eta zer egingo hausnartzen duten artean. Komunikabideentzat, aldiz, berri bat gehiago baino ez da, eguneroko albiste-marabuntaren artean. Gaiak etenik gabeko eztabaida galdua bezain antzua sortaraziko du sareetan, eta kapital handi-mandiak, diru-iturria sumatu bezain laster, finantza-baliabideak eskainiko ditu, kometari aurre egiteko, lehenik, kometak lekartzakeen metal arraroak ustiatzeko, gero, eta, azkenik, atzeko atetik, infernutik ihes egiteko.
Filmaren tramoia ondo ulertzeko Estatu Batuetako giroa ezagutu beharra dago. Etxe Zuriko gobernu-buruak (Maryl Streep) Trump presidente ohia gogorarazten du; goizetako magazin arrakastatsuaren izarra (Cate Blanchett) Mika Brzezinski aurkezle ospetsuaren antza du eta Peter Isherwell (Mark Rylance) multimilioidunak ematen du Jeff Bezos (Amazon-en presidentea) bezain espaziozale.
Sei hilabete geroago, fronte nabarmenik, etsai jakinekorik eta ezelango star-warrik gabeko apokalipsia natural-naturala helduko da, ezin besteko nostalgia, etsipen, kaos eta baretasun kontrajarriez. Batere etorkizunik gabeko elite iheslari koldarrik izango da, bai, baina baita historiaren iluntzea egunero bezala amaitu nahi izango duenik ere: dantzan, hondartzan, otoitzean, edaten, txortan, haurrak bainatzen edo senitartean kontu-kontari afaltzen, Astronomoaren azken-azken uneko aurkikuntza eta guzti: “Kontua da, egia esan, denetik geneukala ezta? Tira, ondo pentsatuz gero..."
* Neurri bertsuko (11 kmko. diametroa) meteoritoa (asteroide-zatia) duela 65 milioi urte jausi zen Yukatanen (Mexiko).