Euskal lurralde-senatua indartu nahi
Desadan aldez aurretik nik ez dudala neure burua batere gipuzkoartzat, eibartarra, euskalduna eta europarra sentitzearekin nahikoa dudala, eta ez naizela besterik gabe euskal herrialde zaharrak defenditzen hasiko baina… defentsarik behar al dute?
Ondo dago, bai, eraginkortasunaren izenean, herri-erakundeak argaltzea eta bikoiztasunak uxatzea. Baina honek guztiak euskal erakundeentzat soilik balio al du? Jakin badakigu demokrazia diktadura baino “garestiagoa” dena eta, ekonomiaren aitzakiaz, hainbat gertu legokeena espainiar estatuaren autonomia-egitura deuseztatzeko. Hari beretik, estaturik gabeko Europar Batasuna ere ez ote litzateke “ekonomikoagoa” izango? Irizpiderik behinena ekonomia ote? Eta zer egin historiaz, politikaz edo soziologiaz?
Ulergarri dateke, oro har, Garaikoetxea lehendakariak dioena, baina ez dut ulertzen zer aditzera eman nahi izan duen esaterakoan, gaur Euskal Autonomia Erkidegoa hutsetik hasita eraiki beharko bagenu bera “Diputazioak kentzearen aldekoa” izango litzatekeela. Eta ondotik ezarri ere ezarri du, “ez dirudiela zentzuzkoa” Euskal Autonomia Erkidegoan lau legebiltzar izateak. Jauzi mortala gero. Gauza bat da autopistaren kudeaketa bikoitza salatzea eta beste bat aldundiak errailetatik ateratzea.
Batetik “hutsetik hasiko bagina” aipatzeak ez du ezer esangura, ez gara-eta sekula hutsetik hasten, historiari nahiz historiara begiratu besterik ez dagoenez gero. Eta, bestetik, nik ez dut benetan sinesten EAEn lau legebiltzar ditugunik. Ez ote dira gero izango hiru legebiltzar eta hiru herrialdeon arteko (25+25+25) lurralde-senatu bat?
Abertzale sutsuren batek uste izango du uste, euskal nazioa behar dugula sendotu, eta herrialdeen botere handiari amore emanez gero foru-zaletasun zaharkitua baino ez dugula indartzen. Nire abertzaletasun epeletik abertzale bero horri gogoraraziko nioke, ordea, nafar soziologiak nabarmen errazago eta lehenago onetsiko lukeela lau aldundien nolabaiteko federazio-motaren bat, euskal gobernu bakar eta indartsua baino.
Zer gerta ere ezin duguna zera da: txitean-pitean Axularrek aipatu zazpi lurraldeetan oinarritu, eskubide historikoak gogoratu, burujabetza fiskala aldarrikatu, euskal berezitasuna azpimarratu, komeni denean Nafarroari zirri egin eta gero, berriz, gure historia guztiari hankape eta pasamisi egin, abertzaleak ez direnek abertzaleak baino abertzalego agertu nahi bide dutelako.
Carlos Garaikoetxea lehendakari ohia astelehenean, Eusko Legebiltzarrean