Euskal krisia eta nazioarteratzea… balearen arabera
Jose Antonio Azpiazu liburuak sinatzen, Deban
Ez, krisia ez da batere berria Euskal Herrian. Are gutxiago historialarien begirakune luze eta sakonaren ikuspegitik. Ez, krisia, lanik eza eta premia ez dira berriak. Ezta egun horren sarri aipatu ohi diren txakur handiko hitz potoloak ere: berrikuntza, lehiakortasuna, nazioarteratzea…
Nazioarteratzea… hona non euskal enpresek lortu zuten, iaz (2011), krisialdirik latzenean barrena, sekulako esportazio-kopururik handiena nazioarteko merkatuen harrerari esker. Etorkizuna kanpoan omen. Etorkizuna? Hau ere ez da zeharo berria. Jose Antonio Azpiazu legazpiarrari jaramonik egingo badiogu, XVI. mendearen erdialdean, Ternuko izotzetan soil-soilik, 2.000 inguru euskaldun ari ziren lanean balea-industrian. Gipuzkoak, orduan, 70.000 biztanle besterik ez zuen, ikaragarrizko proportzioa gero. Hartara, egungoa baino nazioarteratze dezente handiagoa.
Laurogeita hamar behargin inguruko lantegi itsaskorrak ziren, garai hartan, euskal kai eta nasetatik Ternuaraino joan-etorrian aritu ohi ziren ontziak. Balea-arrantzari zegozkion alderdi guztiak lantzen, prestatzen eta ekoizten zituzten itsasturiak. Eta ez doi-doi ekoiztu, baita saldu ere, itzuleran Ingalaterran zein Frantzian lehorreratu izaten baitziren portuz portuko eskabideei erantzun ahal izateko.
Euskaldunak ziren lehiakorrak, erabat, nazioarteko balea-sektorearen baitan. Bai izugarri ausartak eta kementsuak zirelako –larre motzekoak--, bai eskorbutuaren kontrako sendagaia (sagardoa) ezagutzen zutelako, bai orduko know-howaren jabe zirelako: arpoi-teknika egokitu zuten, traineru aproposak landu, argiztapenerako argizaria baino koipe merkeagoa eskaini, erlojugintzarako zein ukendutarako hazi edo esperma fina bildu, bizarrak garaiko plastikotzat erabili, jantziak diseinatu, etab.
Balea-arrantzaren garrantziaz konturatzeko ez dago hainbat herritako zigilu, armarri eta giltzarritan erreparatu baino. Izan ere, balea-arrantza izan zen hiru mito eta lau ipuin baino askoz ere gehiago. Izan zen bizirauteko industria. Lanbide latza, hori bai. Baina inork uste al du euskaldunok orain baino hobeto eta erosoago inoiz bizi izan garenik?
Azpiazuk dozena t´erdiren bat liburu ditu argitaratuak, XVI. mendeaz gehienbat