Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Debako "errixoa" munduaren ardatz zenekoa

Debako "errixoa" munduaren ardatz zenekoa

Amatiño 2011/12/31 23:52
Orain lauzpabost mende, Debatik Altzolara bitarteko 12,75 kilometroetan barrena, zazpi dorretxe zeuden, zortzi loja, sei ontziola, beste sei kargaleku, zazpi errota, lau burdinola, bi errenteria (zerga-etxe) eta bederatzi eliza. Sekulako azpiegitura, Debako "errixoa" munduaren ardatz zenekoa.

Onerako zein txarrerako (denetariko iritziak daude-eta), A-8 autobidea egitearekin batera Deba herria errepide nagusietatik kanpo  geratu zen orain berrogei urte inguru. Hala ere, segurutik, historian zehar Debak izan duen “errepiderik” garrantzitsuena ibaia izan da. Hain zuzen, XVI. XVII. eta XVIII. mendeetan zehar, Debatik Altzolara bitarteko dozena bat kilometrotan barrena indarrean zegoen industria eta merkataritza azpiegitura Bizkaiko Golkoko lehiakorrenetakoa zen. Batere zalantza izpirik gabe Deba “errixoak” inoiz izan duen azpiegiturarik handiena.

Gaur egun lekuz kanpo dirudien arren, Deba ibaia izan zen ia hiru mendetan zehar Flandria eta Gaztelaren arteko merkataritzaren (artilea, larrua, garia…) ardatzik nagusienetakoa; Terranovarako ataririk garrantzitsuenetakoa (balearen nahiz bakailoaren arrantza eta industria eratorria); Debarroko burdinolek behar zuten Bizkaiko (Somorrostro) mearen sarrera, eta Debarro beretik Europara bidali ohi ziren bertako ekoizpenen (Arrasateko altzairua zein Eibarko armagintza) irteera. Donostia-Pasaialdetik Gasteiz-Gaztelako lautadarantzako salerospena ere Debatik pasatu izaten zen, errazago, azkarrago eta merkeagoa baitzen Donostia-Deba-Altzola urez eta Altzola-Bergara-Gasteiz, kaminoz, Tolosa-Segura-San Adrian mendirik mendi bidezidorrez mandotan baino.

Hau guztiau eta gehiago bildu dute Jose Antonio Azpiazu eta Javier Elorza historialariek, Patxi Aldabaldetreku zenaren omenez Debako Ostolaza Kultura Elkarteak eragin bekaz argitaratutako “Deba, villa de vocación marinera y mercantil (Siglos XV-XVII” delakoan.

Bilduma interesgarria, bene-benetan, bizpahiru gehigarri soil ezarriez gero askoz ere baliagarriagoa gerta zitekeen arren. Liburuak hamaika datu xume, hainbat xehetasun zehatz eta edozenbat zertzelada nabarmen elkartu ditu bai, baina, behar bada, nago ez ote zaion zabalkunde-puntturen bat falta. Prologo luzexeagoz eta ez duen epilogoaz aitaren baten konpondu zitekeen falta, hain zuzen ere.

Maaspe7

Maaspeko lojak XVI. mendetik dirau ibai ertzean

Jauregia40

Agirre jauregia. XVI. mendeko dorretxe gainean XVII.ean eraikia, Maaspen bertan

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna: