Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Euskal historiografiaren heldutasunik eza ote?

Euskal historiografiaren heldutasunik eza ote?

Amatiño 2010/11/27 23:45
Elena Barrenaren argudioek dezente landuak ematen duten arren, ez dut nik esango nork duen arrazoia, ezta Eusko Jaurlaritzaren zein Gipuzkoako Diputazioaren turismo berripaperak eta bide-bazterretako seinaleak aldatu behar direnik aldarrikatuko ere. Baina, gutxienez, zilegi bekit esatea Jose Luis Orellaren isilunea harrigarria dela, eta honelako jokaerek, euskal bibliografiaren heldutasuna zalantzan jartzeaz gainera, ez dutela Orellaren beraren azterlana leku onetan uzten.

Honez gero ia hogei urte joan dira Elena Barrenak Gipuzkoako itsasbazterreko Santiago  Bidea auzitan jarri zuenetik hona. Lakarrarekin bat etortzeaz gainera (“el supuesto de que antes del siglo XI los peregrinos entraran por Irún y siguiesen la costa, no lo encontramos  aceptable”), historialari eibartarrak beste hainbat arrazoi eta argudio eman zuen (Historia de las vías de comunicación en Gipuzkoa. I. Antigüedad y Medioevo. Gipuzkoako Foru Diputazioa, 1991) nolabaiteko tesi ofíziala (eta komertziala) zalantzan jarriz. Oraintsu, berriz, 2010 Urte Xacobeoa dela eta, José Luis Orella historialariak  Santiago Bideak (Los Caminos de Santiago por Euskal Herria. Deustuko Unibertsitatea, 2010) berraztertu ditu eta, harrigarri bada ere, ez ditu ezertarako ere gogoan hartu bere lankidearen azterketak. Hobeto esateko, ez gogoan hartu, ez eztabaidatu, ez kontrakorik esan, ez eta aipatu ere. Ez ikusi baino ez, alegia.

Tesi ofiziala jakinekoa da: XI. Mendean Iruñeko Antso III.a Nagusiak Nafarroan eta Errioxan barrena bide “frantsesa” irekiarazi aurretik, lehen Santiago Bidea Kantauri isurialdetik pasatzen omen zen, itsasbazterretik zehatz-mehatz. Eta, Gipuzkoan, hain zuzen, Irun, Donostia, Orio, Zarautz, Zumaia, Itziar, Deba eta Astigarribiatik, Bizkaialdera.

Elena Barrenaren ustez, ordea, batez ere azken berrogeita hamar urteotan gorpuztu den teoria hau nekez baietsi omen daiteke. Hain zuzen ere, haren iritziz, batetik ez dago jakineko datu bakar bat ere XI. Mende aurretik  itsasbazterreko Santiago Biderik izana frogatu dezakeenik. Eta, bestetik, han-hemenka bildu daitezkeen xehetasunen arabera, errazago omen litzateke frogatzea Zubietatik Aiara Andatzatik igo eta Urola aldera Iturriotzetik jaitsiko litzatekeen bidea edota, Arakil-Araian zehar Arlaban gainera heldu eta Leintz-Gatzaga, Goronaeta, Galartza, Ubera, Basalgo eta Elgetan zehar Elorriora jaitsiko litzatekeena. Hau da, Gipuzkoatik bai, Atlantiko isurialdetik ere behar bada, baina inondik ere ez, ordea, itsasbazterretik.

Elena Barrenak azken batean esaten duena zera da: ez dagoela Santiago Bide bat, hainbat bide baino. Eta direnak direlako  bideak ez zituztela errosemek ireki, tokian tokiko biztanleak euren ohiko joan-etorrietan erabili izaten zituzten bideez baliatu baizik. Eta IX. eta X. mendeetan dezente gehiago zirela Gipuzkoan hegoaldetik iparralderantzako bideak (menditik itsasaldera, ubideak jarraituz), ekialdetik mendebaldera itsasbazter ingurutik baino.

Esan bezala, hogei urte joan dira Elena Barrenak hau guztia idatzi zuenetik. Orain, berriz, Deustuko Unibertsitate bereko beste historialari batek, Jose Luis Orellak, lehengo lepotik jarraitzen du, Elena Barrenarik sekula izan izan ez balitz bezala. Gutxienez, arraroa.

Barrena

Auskalo kontrajarri ote diren baina ez behintzat osagarri

The way

Gure historiografiaren baitan honelako eztabaidak –edo eztabaidarik ezak— dirauen artean, horra non zine-karteldegian agertu zaigun The way (Bidea), Martin Sheen-Emilio Estévez aita-semeen film atsegina, hasi eta buka pozarren ikusten den horietakoa. Are gehiago euskal ikuspegitik edo, hobeto esan, euskaldunik gehienon ikuspegitik.

Ez da gero batere ohikoa Donibane Garaziko jendarmerian Euskal Herri osoko mapa agertzea edota Luzaideko ostalariak iparramerikar erromesari, Espainian baino, Euskal Herrian, Nafarroan, dagoela azpimarratzea.

Segurutik The way ez da sekula ikusi dugun filmik onena, baina bai behintzat azken bolada honetan gusturen ikusi ditudanetakoa. Ez da gero gutxi. Erabat gomendagarria. Bi ordu atsegin eta, gainera, fotografia Juanmi Azpiroz donostiarrarena. Nork eskaini dezake gehiago sei-zazpi eurotan?

 The way

Martin Scheen, ezkerrean, Donibane Garazin grabaziotan

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna: