Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Euskal Herriko musika sinfonikoak badu harrobirik

Euskal Herriko musika sinfonikoak badu harrobirik

Amatiño 2023/12/31 21:20
Abenduaren 30etik urtarrilaren 4ra bitartean, Euskal Herriko Gazte Orkestrak urteroko Gabonetako kontzertu-andana eskaintzen dihardu Tolosan, Donostian, Gasteizen zein Bilbon, Unai Urretxo* ikasle-ohiaren zuzendaritzapean.

Bi ereslan guztiz ezagunek osatzen dute aurtengo programazioa. Gioachino Rossiniren “La gazza ladra” (1817) obertura eta Johannes Brahmsen 4. Sinfonia Mi Minorrean, OP 98 (1895).

Bestelako azalpenik ezean, hotz hotzean irudi luke “La gazza ladra” (Mika lapurra) guztiz ezezaguna dela, baina, behin adi-adi jarriz gero, nekez egon daiteke, mendebaldeko kulturan behintzat, haren oberturaz jabetu ez denik. Izan ere, nork ez du entzun edo aipatu, noiz edo noiz, honako eresi, kanta edo doinu hauetakoren bat? Alegia, Laranja mekanikoa, Once upon a time in America, Prizzi’s Honor, Tintinen Abenturak edo Bob Esponja?

Johannes Brahms gogoan hartzeko ere ez da musika klasiko askorik jakin beharrik, ez baita alferrik Liszt, Wagner, Beethoven eta Schumann senar-emazteekin batera XIX, mendeko konpositorerik ezagunenetakoa. Nahiz Brahmsen titulurik (580 konposizio osatu zituen) buruz ezagutu ez (“Dantza hungariarrak” edo izan ezik), gehienok gara, gutxi zein asko, inor gure alboan haren doinuak marmarrean kantatzen hasiko balitz, ezustean aho batez, aldi berean, jarraitzeko gauza izango ginatekeenak.

Hamasei-hogeitaka urte bitarteko 80 inguru neska-mutil elkarrekin jotzen zuzenean ikustea eta entzutea, 10 euro ingururen truke, gurean gertatzen diren luxu horietakoa da. Areago, bost herrialdeetako gazteok beharrezko entseguak elkarrekin egin ditzaten logistika kontuan hartuz gero, ikasleen ahalegin nekagaitza eta gurasoen meritu isila ahazteke.

German Ormazabal koordinatzaile nagusiak Tolosan gogoratu bezala, “orain hogei urte ez ginen gauza ere izan bost gazte egun berean elkarrekin biltzeko…” Gaur egun, ostera, sekulakoa da goi mailako musikaren euskal harrobia. Entzuleria pozik, gurasoak harro eta ikasleak urbitsetan.

*Unai Urrecho Zubillaga

.

EGO 2023/24
Euskal Herriko Gazte Orkestra, 2023
J.L.
J.L. dio:
2024/01/06 09:12
Gazte horiek musika tresna horien ikasketari eskaintzen dioten dedikazioa edozein lanbide kualifikatutan eskaini beharrekoa baino handiagoa da. Baina hala ere, gazte horietatik oso gutxik atera ahal izango dute bizibidea musikatik, eta lortzen duten gehienek prekarietate handiko lan-ibilbideak izango dituzte. Guztien artetik bakarren batek lortuko du duintasunez bizi ahal izatea bikaintasuna frogatu duen alorrean. Eta horretarako atzerrira jo beharko du. Kontzertu ederra eta ekimen bikaina, baina etorkizun iluna gazte eta familia konprometitu eta saiatu horientzat.
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna: