Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Euskal aitona-amonen bilerarik naroena

Euskal aitona-amonen bilerarik naroena

Amatiño 2015/10/18 12:25
Aitzol Iturriagagoitia biolin-jotzaile eibartarra izan zen atzo maisu eta gidari Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren egoitzan eratutako matinéean, segurutik hamabostean behin edo, Euskal Herrian aitona-amonarik gehien bildu ohi duen ekitaldian. Zertarako eta, musika klasikoa entzuteko.
Euskal aitona-amonen bilerarik naroena

Aitzol Iturriagagoitia

Inoiz aipatu izan dut hemen zein luxu handia diren gero “Miramongo matinéeak” deitu musika-saioak. Gehientsuenetan, Euskadiko Orkestra Sinfonikoko kideek, bakarka zein taldeka, tarteka-marteka eskaini ohi dituzten ekitaldiak berriketa gabekoak izan ohi dira. Atzokoan, lehenik, Aitzol Iturriagagoitiak berak Bartoken “Biolin bakarrerako sonata”ren mugimendu bi interpretatu zituen eta, ondoren, Leipzig Oktetoaren gidari gisa, Mendelssohnen “Harientzako oktetoa, opus 20” delakoa. Goizaldi bakana, bene-benetan.

Segurutik gazteriak zer egin gustukoagorik izango du igande-goizetan eta guraso-jendeak, berriz, nahiko zeregin umeteria zaintzen. Horregatik, behar bada, hamabosteak behin edo, Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren egoitzako auditorio txukunean bildu ohi den entzulegoa hirugarren adinekoa izaten da, nabarmen asko. Atzo bertan, zortzi musikarien batez besteko adina 35 urtekoa izan zitekeen arren, barreneko eserlekuetan, berriz, 70 urte inguruko laurehundaka lagun bildu ziren, ginen.

Miramongo igande-goizetako bilera hau da, behar bada, bizpahiru astetik behin Euskal Herrian gertatzen den aitona-amonen biltzarrik joriena. Zertarako eta, isilik-misilik, musika klasikoa entzuteko. Zazpi eurotan, lehen mailako musika klasikoa, bertatik bertara, zuzen-zuzenean.

Aitor Iturriagagoitia zortzikotea

Leipzig Oktetoa: Aitzol Iturriagagoitia, Irene Etxebeste, Carlos Ocaña eta Itziar Prieto, biolinak; Natacha Dupuy-Scordamaglia eta Máximo Aroca, biolak; Beatriz Linares eta Juan Ignacio Emme, biolontxeloak. 

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna: